Pasaia - Pasai Antxoko Gabonetako Krosaren bederatzigarren edizioa abenduaren 28an, ostiralean, egingo da. Azken urteetan bezala, gauez da, 20.30ean hasita. Korrikalariak Gure Zumardia plazatik aterako dira eta bertan egongo da ere helmuga.
Joan den urtean estreinatu zen zirkuitu berriarekin jarraituko du krosak, 6,3 kilometrokoa. Hala, Antxoko barrutiari bira motz bat, eta beste hiru luze (Molinaoraino, eta han Molinao-Papin bide berria hartuz) eman beharko dizkiote lasterkariek. 250 korrikalariren muga du krosak, azken bi urteetan agortu dena. Dortsal guzti-guztiak saldu egin ziren 2016ko eta 2017ko edizioetan; horregatik, parte hartu nahi dutenei izena ahalik eta azkarren eman dezatela gomendatu diete antolatzaileek.
Izan ere, izena emateko epea zabalik dago, Kirolprobak atariaren bitartez. Aldez aurretik izena webgune horretatik ematen dutenek, hamar euro (txip horia dutenek) edo hamabi euro (txip zuria alokatu behar dutenek) ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan, dortsalak gelditzen badira, izena emateko aukera dago, Ibaiondo pilotalekuan, 17.30etik 19.00etara. Kasu honetan, txip horia dutenek hamabi euro ordaindu behar dituzte, eta ez dutenek, hamalau.
Dortsala aurrez hartua dutenek, hilaren 28an, lasterketaren egunean, jaso beharko dute Ibaiondo pilotalekuan, 18.30etik 20.00etara.
Zerbitzu asko izango dituzte korrikalariek eurentzat. Adibidez, Korrikalarien Poltsa (opari bereziarekin), indarrak berri-tzeko gai likido eta solidoak, parte-hartzaileentzat zozketak, masaje zerbitzua (BI-K eskolari esker), kontsigna zerbitzua, dutxak... Hamaika sarien banaketa proba bukatu ondoren egingo da, Ibaiondo pilotalekuan, 21.45ak aldera. Luntxa egongo da bertan.
Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeak antolatu du, Antxoko Jai Batzordearen, Pasaiako Udalaren, eta Antxoko hainbat norbanakoren laguntzarekin. Noski, hainbat babesle eta laguntzaile ditu krosak, Antxoko komertzio, denda eta tabernak gehienak. Antolakuntzak haiei eskerrak eman nahi dizkie krosa egiten laguntzeagatik. - A.M.