Oiartzun - Aste honetako Osoko Bilkuran 2019ko aurrekontua onartu zen behin-behinean. Oposizioa, EAJ, abstenitu egin zen.
17,32 milioi euro izango ditu Oiartzungo Udalak. Horietako 1,3 milioi euro herri ekipamenduetara bideratuko dira (Mendiburu 14 eraikina, Arizmendi-enea...); 150.000 euro, poligonoetako estrategia industrialerako; 200.000 euro, oinezko bide eta errepideen mantenurako; 150.000 euro, auzoetarako; 50.000 euro, herribideen mantenurako; eta 40.000 euro, argiteriaren iraunkortasun energetikorako. Euskara, Kultura eta Kirol sailak mantendu egingo dira eta Feminismo saila sendotuko da (120.000 euro). Gizarte-Ongizate sailera ere diru gehiago bideratuko da, etxez etxeko zerbi-tzua zabaldu ahal izateko.
Jexux Leonet alkateak aurrekontua onartu aurretik egin zen prozesu parte-hartzailea gogora ekarri zuen eta auzo batzarretan izandako jarrera eskertu zuen. EAJren proposamenak ere aztertu “eta ahal izan direnak kontuan hartu direla” adierazi zuen.
Rafael Bergaretxe jeltzaleak bere taldearen abstentzioa argudiatu zuen: “Nahiz eta proiektuak badauden eta gauza asko egin diren, Urkabe Baita izan da legegintzaldi honetako gure aldarrikapen nagusia eta ez dugu ikusi ezer egin denik. Bestetik, Hondakinen Batzordea sortu zen eta hondakinen politika berretsi da”.
Alkateak herritarren beharrei erantzuteko lehentasunak jarri direla eta Urkabe Baitan egin daitekeena aztertzen ari direla eran-tzun zion. - A.M.