ormaiztegi - Atzo arratsaldean hasi zituzten Ormaiztegin, joan den asteburuan hala ospatu bazituzten ere, Ander Deunaren jaiak. Hala, gaurtik igandera bitartean hamaika ekintzek jantziko dute egitaraua.

Gaur da zaindariaren eguna eta merezi bezala ospatuko dute. Goizean Txindata musika eskolako txistulariak atertako dira kalera, eguraldia eta bertakoak alaitzera. Bitartean, 10.00etan hasi eta eguerdira bitartean, Zubipe kiroldegian haurrentzako puzgarri eta jolasak egongo dira. Musikak ere izango du bere tokia, noski, eta gaur 11.30ean Urmaiz abesbatzak saioa eskainiko du. Udalak hamaiketakoa eskainiko du ondoren, eta herri kirolaren txanda 13.00etan hasiko da. Idoia Etxeberria eta Joseba Osteolatza harria jasotzen ikusteko aukera egongo da han, eta aizkoran Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua arituko dira lehian. 10 urteko Aratz Esnaola mutiko gazteak ere erakutsiko du nola ibiltzen den aizkoran. Iluntzean beste ekin-tza garrantzitsuak izango dira, kon-tzertuak. 23.00etan hasita, Nafarroa 1512, The Bobby’s eta Brigade Loco taldeak igoko dira karpako taulara.

Bihar, mozorro eguna izango da eta urteroko ohiturari jarraituz, hala jantzita egingo dute herri bazkaria. Zezentxo eta poniak ere egongo dira ikusgai eskolako zelaian eta 20.00etan aurtengo mozorro onenak zeinenak izan diren emango da ezagutzera, sari eta guzti.

Igandea, berriz, 32. Odolki Eguna ospatuko da. Lehiaketa egingo dute eta odolki osagaien azoka eta lehiaketa ere izango dira. Produktu honen bueltan, Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren 17. sukaldari-tza lehiaketak ere hartuko du herria. Urrezko odolkia ematen hasi ziren iaz, eta aurten Pablo Muruaren senideek jasoko dute aurten sari hori. Murua Ormaiztegiko lehenengo odolki egilea izan zen eta hark egindako lana gogoan eta balioan jarri nahi du Udalak, aitortza honen bidez. Martin Callejo ere omenduko dute, joan den urtarrilean hil zen eta herriko hainbat ekintzetan aktiboa zen gaztea.