Síguenos en redes sociales:

Aintzat hartuko dute herritarren parte-hartzea aurrekontuetan

Getariako bizilagunek aukera izango dute proposamenak egiteko ‘Guztiok bat!’ prozesuan

getaria - Atzo arratsaldean hasi zituen Getariako Udalak datorren urteari begirako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko ohiko bilera irekiak. Izan ere, agintarien hitzetan Guztiok bat! ekimena martxan jartzearen arrazoia “herriak udal erabakietan protagonismoa izatea da” eta, horregatik, 2013 urteaz geroztik gisa honetara lantzen dute aurrekontuen gaia Getarian.

Atzokoan Kultura, Euskara, Hezkuntza, Kirola, Ongizatea eta Parte-Hartzea jorratu zituzten eta gaur bigarren bilera egingo dute, Meaga eta Eitzagako auzokideekin, Artelatz Elkartean 21.00etan. Asteazkenean izango da hirugarrena, Askizu eta San Pruden-tzioko auzokideekin, 21.00etan Auzoko Elkartean eta ostegunean, aldiz, Udaletxean bilduko dira 19.00etan, Hirigintzaz, Tokiko Garapenaz eta Turismoaz hitz egiteko. Urriaren 23an herriko elkarte eta entitateekin bilduko dira azken saio irekian.

Bilerez gain, ordea, herritarrek badituzte beste hiru bide haien proposamenak udal agintariei helarazteko: euren etxeetan jaso duten fitxan ekarpenak eginez arloz arlo eta ondoren hau udaletxeko postontzian botaz, herritarrenpartehartzea@getaria.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz gaiaren lekuan GUZTIOK1 2019 ipinita, edota www.getaria.eus webgunean aurki dezaketen online inprimakia betez.

Udalak jakinarazi du proposamenak jasotzeko azken eguna urriaren 31a izango dela eta behin prozesua amaitzean, informa-tzeko eta horren balorazio bat egiteko saio ireki bat prestatuko dutela. - N.O.