mendaro - Musikazale amorratua, Josu Iriondo Mendaron finkatutako elgoibartarra da Gararock jaialdiaren antolatzaileetako bat. Ilusio handiz prestatu dute larunbateko hitzordua eta Gipuzkoako zaletu guztiak gonbidatzen ditu Garagartza auzoko plazetan egingo diren emanaldiekin disfrutatzera gerturatzeko.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da baina, nola sortu zen Gararock musika jaialdia?

-Musika gustoko dugun lagun batzuk elkartu ginen eta herrian jaialdiren bat egiteko gogoa azaldu ondoren, lanean jarri ginen, beti ere, Mendaro bezalako herri txiki batean ganorazko festibal bat antolatzea posible dela erakusteko.

Aurtengo kartela ikusita, badirudi helburu hori lortu duzuela...

-Guk baietz uste dugu. Azken batean, normalean herri txikietara ailegatzen ez diren kalitatezko taldeak ikusi ahalko dira larunbatean Mendaron. Eta doanik gainera.

Lagun talde bat arduratzen da Gararock jaialdia antolatzeaz?

-Bai, lan horretan Munlet taldeko Ina eta Ana, Oier Quiroga, Aingeru Gallastegi eta beste hainbat herritar aritu gara baina jaialdia aurrera eraman ahal izateko Udalaren ezinbesteko babes ekonomikoa izan dugu, eta Uztargi eta Beristain bezalako enpresen laguntza ere. Gainera, kamisetak eta pegatinak kaleratu ditugu beharrezko finantziazioa osatzeko.

Zer nolako musika entzun ahalko da larunbatean?

-Adin guztietako pertsonentzako eta estilo askotako emanaldiak egongo dira. Izan ere, guk ikusi nahiko genukeen jaialdia antolatzen saiatu gara: anbiente atsegina izateko, umeekin batera ikusteko aproposa...

Umeentzako lekua ere izango da?

-Bai. Jaialdia 16.00etan abiatuko da Trakamatraka izen artistikoa duen Jon Urrutiaren eskutik. Honek birziklatutako materialekin instrumentuak sortzen ditu eta horiek erabilita oso emanaldi politak eskaini ere. Berea saio didaktikoa izango da; umeak primeran pasatzeko aproposa. Gainera, haurrentzako eskulanak eta bestelako tailerrak egongo dira.

Zeintzuk dira oholtza gainean arituko diren beste taldeak?

-Ander Mujika elgoibartarrak prestatutako kartel ikusgarrian islatuta geratu denez, Trakamatraka ondoren Dr. Maha’s Miracle tonic taldea arituko da 18.00etan eta horren ondoren Last Fair deal (19.00), Jupiter Jon (20.00), Rubia (21.00), Anari (22.30) eta Biznaga (23.45). Gainera, tarteka eta jaialdiari amaiera emateko DJ Art-Etxeren musika egongo da.

Jateko eta edateko aukera ere izango da jaialdian, ezta?

-Hala da, bi food truck etorriko dira. Alde batetik, oso ogitarteko eta hanburguesa onak eskaintzen dituen Tabe Gozo furgoneta egongo da eta bestetik izozki artisauak eta pizzak saltzen dituen Gelati Gelati!!! furgoneta. Era berean, bi txozna egokituko dira eta bertan dagoen gaztetxeko barra irekita egongo da.

Zergatik Garagartzako plazan eta ez herriko Enparantza Nagusian?

-Hasieratik argi genuen jaialdia antolatzekotan Garagartzan egin behar zela. Leku magikoa iruditzen zaigu eta jaialdi txiki bat egiteko ideala.