lazkao - Atzo hasi eta aste osoan zehar Lazkaoko Udalak bat egingo du beste urte batez Nazioarteko Mugikortasun Astearekin. Horren harira, eta San Benito Ikastolarekin batera, hainbat ekintza antolatu dira eta guztiek helburu bera izango dute: gizartea mugikortasun jasangarriagora bultzatzea.
Artengo lema Konbinatu eta mugitu da eta leku batetik bestera egiten diren joan-etorrietan autoa alde batera utzi eta beste baliabide batzuk erabiliz, joan-etorri horiek txirrinduz, garraio publikoa erabiliz edo oinez egitea, edo baliabideak konbinatuz egitea indartu nahi da. Desplazamenduetan aldaketa bat ematea, alegia.
Horretarako atzo bertan txirrinduan jokoak egin zituzten eta gaur Ipar Martxari buruzko hitzaldia eskainiko da, 19.00etan, kultur etxeko erakusketa gelan. Bihar, berriz, txirrindu martxa egingo da herrian zehar, 18.00etan plazatik abiatuta. Ostegunean, 17.00etan, Zatoz irristatzera, gurpil gainean jolasak egingo dira plazan eta ostiralean, berriz, ikastolako ikasleek herrian zehar ibilaldia egingo dute goizean. 17.00etatik 19.30era, aldiz, Lazkaoko Street Boulder topaketa izango da eta segidan Jugando a escalar ikus-entzunezkoa eskainiko da Arerian (20.00). Larunbatean, autorik gabeko eguna ospatuko da. - M.A.