lazkao - Lazkaoko Gurutze auzoko urbanizazio proiektua abian da eta horren barruan, fase berri bati ekin nahi zaio orain. Hauxe da lortu nahi dena: Gurutze 1-2 eta Hirigoien 14-18 inguruko eremuetan lur azpiko garajeak eraiki eta urbanizazioa berritzeko lanak egitea.

Guztira, 34 garaje eraikitzea jaso-tzen da proiektuan. Garajeen salmenta prezioari dagokionez, 21.500+BEZ izango da, beraz, 26.015 euro balioko du bakoitzak. Lazkaon erroldatuta daudenek edota Lazkaon garatzen den jarduera komertzial edo profesional baten titularrak garaje horiek eskuratzeko aukera izango dute, epea zabaldu egin baitute irailaren 27a bitartean. Hala ere, eskatzaile bakoitzak garaje bat eskuratu ahal izango du.

Lazkaoko Udalak lehiaketa publikoa egin du garajeak eraikitzeko eta gainazaleko urbanizazioa berritzeko lanak esleitzeko. Murias enpresa aurkeztu da, eta hala, bera izango da lanak egingo dituena. Gainera, enpresa izango da garajeen salmenta kudeatuko duena. Beraz, Lazkaoko Udaletik nabarmendu dute Gurutze auzoan egingo diren garajeetako bat erosi nahi duenak, Muriasek martxan jarri duen izen-emate prozesuan eman beharko du izena, datos@muriasgrupo.com helbidera mezua bidalita edo 943 46 70 00/696 18 76 61 telefonora deituta. Izen-ematerako prestatu den orria bete eta Udaletxean ere eman daiteke izena.

Auzoko proiektuaren prozesua lantzerako orduan galdeketa egin zitzaien herritarrei, ea interesik izango luketen garajeak eraikiko balira horiek erosten. Hainbatek azaldu zuten jarrera positiboa eta galdeketa horretan izena eman eta oraindik interesarekin jarraitzen dutenek berriz ere izena eman beharko dutela gogoratu dute. Urbanizazio lanak ere Murias enpresak egingo ditu. Kasu honetan, ordea, Lazkaoko Udalaren gain egongo da urbanizazio lan horien kostua, 816.000 euro inguru. Behin lanak hasitakoan, lanen iraupena 9 hilabete ingurukoa izatea aurreikusten dute.

Hurrengo 2 hilabetean salmenten %75 gauzatuko ez balira, Muriasek proiektua bertan behera uztea eska dezake. Hala gertatuko balitz, garajeak eraikitzeko eta urbanizazio proiektua egiteko Udalarekin duen konpromisoa eten egingo litzateke. Izena eman duten guztien artean zozketa publikoa egingo da garajeak esleitzeko eta esleipen prozeduraren xehetasunak, zozketa ekitaldian bertan argituko dituzte, zozketa egin aurretik.