Síguenos en redes sociales:

Gazteei zabaldu nahi zaie Zizurkilgo liburutegiko erakusketa gela

Irailaren 14a bitarte zabalik egongo da 2018-2019 ikasturterako proposamen artistikoak egiteko epea

zizurkil - Irailaren 14a arte jasoko ditu Zizurkilgo Udalak Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan 2018-2019 ikasturterako proposamenak. Batez ere artista gazteen lanen erakusketak sustatzea da Udalaren helburua.

Jasotako proposamenen artean sei aukeratuko ditu Kultura Saileko ordezkariz eta errealitate artistikoa ezagutzen duten pertsonaz osatutako hautaketa-batzordeak. Hautaketatik kanpo geratuko dira arraza, sexu, erlijio edo beste edozein arrazoirengatik edozein bereizkeria sustatzen duten edukiak dituzten proiektu guztiak eta pertsonaren funtsezko eskubideen aurka doazenak.

Interesdunek egin nahi duten erakusketa artistikoaren banakako edo taldekako proposamen bat aurkeztu beharko dute. Posta arruntez edo mezu elektroniko bidez aurkeztu beharko da dokumentazioa, eta besteak beste, proiektuaren titulua, justifikazioa (argumentua eta diskurtsoa), erakusketa osatzen duten piezen zerrenda eta deskribapena eta gutxienez bost obra aurkeztu beharko dira, behar bezala katalogatuta.

Plazida Otañoko erakusketa guneak 23 metro inguru luze den erakusketa-horma du eta obrak zintzilikatzeko errailak dauzka. Jendearentzat irekita egoten da astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Larunbatean 9.30etik 13.30era ere zabaltzen dute.

Erakusketa-proiektuak irailaren 14ra bitartean aurkeztu ahal izango dira. Oinarri horiek Zizurkilgo Udalaren web-orrian kontsulta daitezke, bai eta Zizurkilgo Udalaren udal-bulegoetan bertan ere. - M.S.S.