Zarautz - Zarauzko Udaleko Prebentzio Zerbitzuak festetan alkohol gehiegi edatearen kontrako umorezko pegatina lehiaketa antolatu du bosgarren urtez eta aurtengo irabazlea Aitor Garcia Burcio izan da Gaueko tronpak ez zaitzala mamutu lemapean. Bigarren saria publikoak erabaki du eta Lara Aranzabal Segurak lortu du, Alkoholetan ez ito, pare bat eta kito lemarekin.

Bestalde, joan den urtean bezala, ekainaren 25 gauean, Prebentzio Zerbitzuak eta Ai-Laket elkarteak karpa bat jarriko dute Munoan, Testing programaren baitan jasotzen den drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua eskaintzeko. Era berean, ekainaren 26an, alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatu, informatu eta arreta hartzeko kanpaina egingo du, Sasoia elkartearen bidez. “Mahai informatibo bat jarriko dugu malekoian gaueko 23.00etatik 2.30era eta bertara interesa duen pertsona guztiak borondatez hurbildu daitezke. Gainera, 25ean bezala, testing analisi zerbitzua ere eskainiko da”, zehazten du Miren Letamendiak, Prebentzio eta Osasun zinegotziak. - A.R.