Azpeitia - Joan den urtean 1987tik mantentzen duten senidetzearen 30. urteurrena ospatu ondoren, Hazparnek eta Azpeitiak hilaren 26an berrituko dute beren senidetza herritar guztien partaidetzari irekita egongo den egun osoko festa batekin.
Azpeitiko Udaletik azaldu dutenez, “maiatzaren 26an Hazparne-Azpeitia herrien eguna ospatuko dugu”, beti ere, “bi herrien arteko senidetza ohoratu eta azken 30 urte hauetan ekimen hori bultzatu eta aurrera eraman duten agintari eta herriko eragileak goraipatzeko”.
Hori horrela izanda, Azpeitiko Udalak ekitaldiz betetako egitaraua prestatu du jai egun horretarako.
Jardunaldiari hasiera emateko Hazparnetik etorriko diren herritarrei ongietorria egingo zaie 10.45ean Sanagustin kulturgunean, hamaiketako eta guzti.
Horren ondoren, Azpeitiko Musika Bandaren eta bi herrietako tuntturroen kalejira (11.00etan), Hazparnetik ekarriko duten zuhaitzaren landaketa (11.30ean), senidetze hitzarmena berritzeko ekitaldia (12.00etan udaletxean), pilota partidak (12.30ean Frontoi Txikin), kantu jira (12.30ean Plaza Nagusitik hasita) eta nahi duten guztien partaidetzari irekita egongo den bazkaria egongo dira. Herri bazkaria Azoka plaza berrian egingo da eta parte hartu nahi dutenek hilaren 23ra arte eman dezakete izena Udaleko kultur bulegoan (943 157 058 telefono zenbakia). Helduentzako menuaren prezioa 25 eurokoa izago da eta 12 urte azpiko umeentzat prestatuko dena 10 eurokoa.
Edonola ere, maiatzaren 26rako antolatutako egitaraua ez da hortan geratuko; 16.00etatik aurrera Azoka plazan kantuak eta musika izango direlako. Festa 19.00etara arte luzatuko da; ordu horretan gonbidatuak Hazparnera bueltako baitira.