Usurbil - Dantzak hartuko ditu Usurbilgo kaleak larunbatean, VI. Dantza Eguna baita. Urtez urtez indarra hartzen ari den ekimena da, eta azken edizioko egitarauaren ildotik, honako aldi honetan ere, Euskal Herriko txoko ugarietako dantza taldeen topaleku bihurtuko da Usurbil, hangoa eta hemengoa uztartzeko asmoz.
Hain zuzen, 10.30ean egingo zaie ongi-etorria dantza taldeei, eta 11.30ean kalejira egingo da herriko kaleetan barna. Aurten, bost talde izango dira: Beasaingo Aurtzako (Gipuzkoa), Iruñeko Ortzadar (Nafarroa), Hendaiako Akelarre (Lapurdi), Usurbilgo Orbeldi taldearen beteranoak (Gipuzkoa) eta Larrabetzuko Bizkargi (Bizkaia). Kalejiraren ostean, 13.00etan egingo dute emanaldia frontoian.
Arratsaldean, aldiz, herriko txikienen txanda izango da. 17.00etatik aurrera emanaldia eskainiko baitute frontoian. Eta, haren ondotik, jendea dantzan jarriko dute Ttipika taldekoek. Erromeri gidatua eskainiko du Manex Torrealdaik.
Eguna amaitzeko, 22.30ean Orbeldiko beteranoek Euskal Genesia ikuskizuna estreinatuko dute. - A.M.