Tolosa - Pollenzoko Università degli Studi di Scienze Gastronomich-ko ikasleek babarrunak dastatzeko aukera izan dute, Tolosako Babarrunaren Kofradiak gonbidatuta.

Euskal Herriko gastronomia ezagutzeko asmoarekin, Gastronomia Zientzien Masterreko ikasleek Tolosa hautatu dute geraleku. Astebete igaro dute Euskal Herrian eta gaur itzuliko dira Italiara.

AEB, Israel, Herbehereak, Errusia, Alemania edota Brasilgo ikasleek, denera 30 inguruk, parte hartu zuten astelehenean egindako bazkariak. Babarrunez gain, Idiazabalgo gazta, Beasaingo odolkia, eta Tolosako teilak eta zigarrilloak ere dastatu zituzten. Fecoga Kofradia Gastronomikoen Federazioko ordezkaria den Juan Manuel Garmendia arduratu zen azalpenak emateaz.

Horrelako bisitak sustatu, sinergiak landu eta harremanak zabaltzeko irrikan da Tolosako Babarrunaren Kofradia: “Tolosako babarruna ezagun egin nahi dugu, ez soilik Euskal Herrian, baita mundu osoan ere”. - M.S.S.