urretxu - Asteburuan Espainiako ziklokros txapelketa egin dute Legazpin, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Antolatzaileak “nekatuta baina pozik” ageri dira, dena espero bezala atera delako.

Atzo lanean ari ziren oraindik. “Nekatuta gaude, baina pozik. Izan ere, ikusle asko gerturatu da eta txirrindulariak eta zaleak gustura itzuli dira etxera. Larunbatean jende gehiago espero genuen, baina igandean jendez gainezka egon ginen. Tabernariek lan asko egin dute, baina oraindik ez dugu balorazio ekonomikoa egin”.

Eguraldia izan dute etsai nagusia. “Lokatza nahi genuen, baina behar baino gehiago izan dugu. Zaila izaten da neurria hartzea... Valentzia aldeko jendea kexu ageri zen, baina gainon-tzeko txirrindulariak gustura ibili dira”.

Hori bai, urte batzuk pasako dira legazpiarrek Espainiako txapelketa berriro herrira ekartzerako. “Hau ez da urtero antolatzeko modukoa! Oso gogor lan egin behar da”.

Legazpiarrek lau aldiz antolatu dute Espainiako ziklokros txapelketa: 1984an gazte mailakoa eta 1984an, 1988an eta aurten maila guztietakoa. Agirreburualdek 1988ko edizioan parte hartu zuen. “Herritarren aurrean aritzea oso berezia da. Aurten parte hartu duten legazpiarrek ere asko gozatu dute. Ia maila guztietan izan dugu legazpiarren bat”.

Aitor Zabaletak 6. postua lortu zuen Master 50 mailan, Iñaki Goiburuk 7. postua Master 30 mailan eta Oskar Gonzalezek 10. postua maila berean.

Bestalde, aipatzekoa da Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak World Tour mailako Emakumeen Bira Legazpira ekarriko duela maiatzaren 19an. Lehenengoz, lasterketa hau ez da Iurretatik abiatuko. - A.Z.