legazpi - Gaur, 19.00etan Legazpiko kultur etxean, Legazpi musika banda. 150 urteko ibilbidea dokumentala aurkeztuko dute. Dokumental hau Xabier Aztiria legazpiarrak egin du. 23 urteko gazte legazpiar honek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta bandako kidea da.

Jesus Castillejo bandako zuzendariak proposatu zion dokumentala grabatzea. “Nik neuk bandan jotzen dut eta ikasketak bukatu nituenean Jesusek 150. urteurrenerako zerbait berezia egin nahi zutela esan zidan. Aurreko urteurren batean liburu bat argitaratu zuten eta oraingo honetan ikusteko erraza izango zen zerbait nahi zuten”, azaldu du Aztiriak.

Urte hasieran hasi ziren lanean. “Egitasmoaren inguruan hitz egiten hasi ginen eta urtean zehar forma eman diogu. Bideoan 150 urte hauetako eboluzioa ikus daiteke: musika, jotzeko tokiak, ikusleak, estiloa, bandaren osaera... Egun 80 lagun baino gehiago gara, baina garai batean 12-13 bakarrik izan ziren”, aipatu du.

20 elkarrizketatu 20 herritar baino gehiago elkarrizketatu ditu dokumentalerako: Migel Gurrutxaga (elkarrizketatuen artean zaharrena), Jose Mari Ur-tzelai (urte luzetan herriko kronista eta duela gutxi zendua), Jose Inazio Elortza (alkate ohia), Jesus Castillejoren aita (bandan sartu ziren etorkinen ordezkari gisa), musika eskolako zuzendaria eta irakasleetako batzuk, bandako egungo kideak, Koldobike Olabide alkatea...

Dokumentalean ageri diren argazki eta bideo zaharrak herritarrek utzi dizkiete. Jose Mari Gorrotxategi zuzendari ohiaren ilobak utzitako irudi kopurua azpimarragarria da. Dokumentalak hiru ordu laurdeneko iraupena du eta gaurko emanaldiaren ondoren Yotuben ikusi ahal izango da.

Aztiriak bandan dagoen giro ona azpimarratu du. “Tronpeta jotzen dut eta duela lau urte bandan sartu nintzen. Lagunarte bat gara eta beti hurrengo kontzertua noiz iritsiko zain egoten gara. Izan ere, primeran pasatzen dugu”, azaldu du.

Hala, luzaroan jarraitzeko asmoa du. Dena den, hurrengo hilabeteetan ez du bandan joko. Izan ere, Mexikora doa denboraldi baterako. “Bandan tokia gordetzea espero dut, bestela mariatxi talde batean sartu beharko naiz”, esan du txantxetan.

150 urte hauetan banda asko aldatu dela dio. “Lehen pasodobleak, musika klasikoa eta euskal abestiren bat jotzen zuten. Egun, errepertorio oso zabala dugu. Hala, pelikuletako banda sonoroak ere jo izan ditugu”.

Urteurrena ospatzeko, udan Austriako Viena eta Salzburgo hirietan egon ziren. Realeko zaleak Salzburgora joango dira datorren otsailean. “Oso toki ederra da, lasaia. Mozarti eskainitako estatua eta gaztelua bereziki gustatu zitzaizkidan”.

Austriara joateaz gain, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin eta Donostiako Orfeoiarekin kontzertuak eman dituzte. Gainera, Legazpiko auzoetan pasakalleak egin dituzte. Telleriarte eta Brinkolara aspaldiko partez joan ziren. Horretaz gain, duela aste batzuk bandako kide ohiekin bazkaria egin zuten.