“Jendearekin konfiantza hartzea kostatu egiten zait, baina mikrofonoa aurrean dudanean dena ahazten zait”
Datorren martxoan bost urte beteko dira Ataun Irratia Ioar Aizpuruak sortu zuenetik. 24 orduko emisioa egiten du Internet bidez eta oso pozik dago bere proiektuarekin
ATAUN - Kazetaritzaren harrak txikitan heldu zion Ioar Aizpurua ataundarrari. 13 urterekin hasi zen bere kabuz Ataun Irratia proiektua martxan jartzen, eta orain, ia bost urte geroago orduan ereindakoaren fruituak jasotzen ari dela nabarmendu du.
Oso gaztetatik argi zeneukan zer egin nahi zenuen eta Ataun Irratia sortu zenuen duela lau urte, hamahiru urterekin.
-Bai, hala da. Martxoan bost urte beteko dira. Hasieran, gauza guztiak bezala, zaila egin zitzaidan. Batez ere, ez nekielako zein programa erabili behar nituen ez zein zen funtzionamendua. Oihan Vegak asko lagundu izan dit alde horretatik, eta hala, haren gomendioak kontuan hartuta pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen.
Eta zergatik erabaki zenuen irrati bat sortzea?
-Beti atentzioa eman izan dit artearen eta musikaren munduak. Kirolak, aldiz, ez nau asko erakartzen. Bateria jotzen dut duela sei urtetatik, eta etxean betidanik entzun izan dugu irratia. Gogoan dut txikia nintzenetik beti jarri izan Dutela, eta nik ohitura hori mantendu dut. Egun batean buruan sartu zitzaidan horrelako zerbaiti heltzea eta halaxe hasi nintzen.
Eta zer entzun daiteke Ataun Irratian?
-Ordenagailu bidez etxetik egiten ditut saioak, baina 24 orduz musika entzun daiteke. Internet bidez emiti-tzen dut. Euskal Herriko musika saio bereziak egiten ditut. Bestalde, tarteka, elkarrizketak ere egiten dizkiet musika taldeei. Asteburuetan, larunbat eta igandeetan, 10.00etatik 12.00-etara egiten dut saioa, eta larunbatetan 15.00etatik 17.00etara gehien en-tzuten diren kantuen musika zerrendari errepasoa egiten diot. Horrez gain, astelehen, ostegun eta igandetan 13.00etatik 15.00etara bitartean musikaren inguruko kuxkuxean ari-tzen naiz. Bertan artisten bizitzaren inguruko berriak azaltzen ditut eta egingo dituzten kontzertuen inguruko informazioa ere ematen dut.
Jendeak zer esaten dizu?
-Zoriondu eta asko gustatzen zaiela esaten didate. Lagunek, baina, esaten didate ez dudala ni ematen irratian hizketan nagoenean. Egia da, izatez, konfiantza hartzea kostatu egiten zaidala, baina mikrofonoa aurrean dudanean dena ahazten zait. Ezin da azaldu musikak ematen didan poza, eta noski, helburu nagusietako bat jendea hobeto sentiaraztea da.
Egun txarrak ere izango dituzu.
-Bai, baina irratsaioa egiten ari naizenean kontuan izan behar dut agian entzuleren bat ere hala egongo dela eta hura poztea bilatzen dut.
Dudarik gabe, gustatzen zaizuna egiten ari zara.
-Pentsa, saio bat amaitutakoan pena pixka bat sentitzen ere dut eta irrikan egoten naiz hurrengoa iristeko.
Bakarrik egiteko lan handia izango da hala ere, ezta?
-Bai, baina gustura aritzen naiz eta orduak oso azkar pasatzen zaizkit. Beasaingo beste mutil batek kolaborazio batzuk egiten ditu munduko misterio ezberdinen inguruan, eta agian aurrerago beste norbait ere gehituko da beste atalen batean.
Gainera, ostiralean, atzo zein gaur ere egongo zara Ataungo disko, liburu eta jostailu azokaren jarraipena egiten.
-Bai, zuzenean aritu naiz egunotan azokatik, eta gaur ere halaxe egongo naiz 14.00ak bitartean. Azokaren inguruko xehetasunak argitzeaz gain, elkarrizketak eta azken nobedadeen inguruan ere aritzen naiz. Egia esan izugarrizko poza hartu nuen herriak nire aldeko apustu hori egin zuela jakiteak.
Mendi bat. Ernio. Txindoki ere gustuko dut baina gehiago kosta-tzen zait puntara iristea.
Hondartza bat. Zumaiakoa, ingurua asko gustatzen zait.
Festa edo ekitaldi bat. Ordiziarock. Irratiarekin bertako kideei elkarrizketak ere egin izan dizkiet eta oso ekitaldi polita da.
Paisaia bat. Jentilbaratza.
Txoko gustukoena. Irratiko nire txokoa, dudarik gabe.
G
ipuzkoatzen