Beasainen Eguberri garaian euskararen erabilera igo nahi da
Erosketak egiterako orduan euskara presente izatea eta hizkuntza paisaia euskalduna bultzatu nahi du Udalak
beasain - Herriko merkatarien salmententzat Eguberria eta bide batez, merkealdiak ere bai, garai garrantzitsua direla aprobetxatuz, kanpaina berri bat abian jarriko du Beasaingo Udalak euskararen alde. Hain zuzen ere, egunotan dendetan hizkuntza paisaia euskalduna izatea bermatu nahi du. Horrela, kalean zein jende artean euskararen presentzia areagotzeko eta indartzeko helburua dute buruan, bai Eguberrian eta baita ondorengo merkealdi garaian. Horretarako Udalak kartelak banatuko ditu herriko merkatarien artean, erostera doazenak ere kontuan izateko zein hizkuntza ingurune nahi den sortu. Bestalde, osagarri moduan merkatarientzat lagungarri izan daitekeen hiztegia ere banatu dute, zailtasunak izan ez ditzaten.
Herriko merkatariekin bat eginez eta bertako merkataritzaren sustapenean jarraituz, Eguberri hau-etan egitarau berezia antolatu dute ekintza desberdinekin. Abenduaren 26, 27 eta 28an egingo dira ekintza guztiak. Aipaturiko lehen bi egun horietan, Txutxu trena aterako da herrian barrena. Loinazko San Martin plaza azpian egingo du irteera eta inguruko kaleak zeharkatuko ditu. Honako ordutegia izango du: 11.00-13.00 eta 14.30-20.00. Horrez gain, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Gernika pasealekuko frontoian hilaren 26an, 11.30-14.00 eta 16.30-19.30. Ekintzekin jarraituz, egun berean The Upper Room gospel taldeak kontzertua eskainiko du, 20.00etan, Igartzan. Abenduaren 27an, berriz, Goazen 4.0 ikuskizuna izango da Usurbe an-tzokian, 17.00etan eta 19.30ean. Abenduaren 28an, amaitzeko, Igartzan umeentzat tailerrak egingo dituzte 11.00-13.00 bitartean eta arratsaldean, 17.30ean, leku berean Tor magoak saioa eskainiko du. - M.A.