Anoeta - Azken urteotan euskararen erabilerak herrian izan duen beherakada dela eta, Anoetako Udalak hausnarketa prozesu herritarra martxan jartzea erabaki du. Burutuko diren tailer parte-hartzaileen helburuak “euskarak herrian duen egoera aztertzea eta erronka berriak zeintzu diren zehaztea” izango dira.
Laugarren aldia da Anoetako Udalak hizkuntza erabileraren kale-neurketa egin duena, Soziolinguistika Klusterraren laguntzarekin. 2001ean egin zen lehen aldiz, eta, harrezkero, bost urtez behin egin ohi da neurketa. Horrek eman du bilakaera ezagutu eta hizkun-tza-aldaketak gertutik jarraitzeko aukera.
Kale-neurketaren emaitzek erakutsi dute herrian, pixkanaka, euskara gero eta gutxiago entzuten dela. Arrazoiak askotarikoak izan daitezkeen arren, hamabost urtetan igoerarik ezagututa ere, une honetan elkarrizketen %57,7 bakarrik direla euskaraz Anoetako kaleetan. Gainera, bereziki kezkatuta daude Anoetan haur eta gazteen erabileraren beherakadak eta pertsona nagusien erabilerak zenbatean egiten duen behera haurrak presente ez daudenean.
“Emaitzak jakin orduko konpromisoa hartu genuen emaitza hauek aztertzeko eta hausnarketa egiteko herriko hainbat eragilerekin batera. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu abiatzera goazen prozesu hau denon artean egitea; denon herria delako, denon erabileraren emaitzak direlako, eta denok egin beharko dugulako ahalegina, egoera aldatu nahi badugu”, esan zuen atzo egindako agerraldian Idoia Olano Anoetako Udaleko Euskara teknikariak.
Goizane Arana UEMAko kideak azaldu zuen tailer parte-hartzaileetan herritarrek zein galderen inguruan hausnartu beharko duten. Galderak honakoak izango dira: gure herrian euskararekin gertatzen ari dena, gure herrian bakarrik ari al da gertatzen?; udalerri euskaldun askotan antzeko joerak ari dira azaltzen, zergatik?; zer egin beharko litzateke euskararen erabilera areagotzeko?; eta guk zer egin dezakegu? Bi saio aurreikusi dituzte galdera horiei erantzuteko, eta hirugarren bat ere antolatzeko aukera ikusten dute beharrezkoa balitz. Horrez gain, gaztetxoekin bakarrik saio bat egingo da, garrantzitsua baita beraien iri-tzi eta pertzepzioak jasotzea.
Tailerrak azaroaren 4an eta 18an egingo dira, goizeko 10.30ean hasita eta bi orduko iraupena izango dute. Herritar guztiei zuzendua dago deialdia; herriko eragileak, gurasoak, norbanako interesatuak, ostalariak, gazteak, ikasleak eta abar, izan ere guztien ekarpenak jaso nahi dituzte.
Galtzaundi Euskara Taldea ere bat dator egitasmoaren helburuekin eta parte hartuko du. “Tolosatik eskualdera zabaltzea erabaki duen momentu honetan poztasun handiz hartu du Anoetan egin nahi den prozesu hau. Azken batean, proiektu honen helburuak bat egiten baitu Galtzaundiren helburuarekin: herritarrak aktibatzea”, azaldu du Imanol Artola, Galtzaundiko kideak.
Bide honetan, Anoeta Tolosaldeko beste herrientzat “eredu” ere izan daiteke Galtzaundiren ustez, ez bakarrik aktibatze lanetan, baita koordinazioan ere. “Udala, UEMA eta herritarrak, denak elkarrekin eta aldi berean lanean ari gara, eta hori da bidea”, amaitu zuen Artolak.