Sainduko ermitako Kristo gurutziltzatua zaharberritu du Hondarribiko Udalak
Esku-hartzeak 1.270 euro kostatu du eta azken urtean eskulturak berreskuratzeko egindako lanen baitan dago
hondarribia - Hondarribiko Udalak zaharberritu egin du udal-jabegokoa den Saindua ermitan dagoen Kristo Gurultziltzatuaren tailua.
“Esku-hartze honen helburua egurrezko tailua ahalik eta egoera onenean egonkortu eta mantentzea” azaldu du Udalak ohar baten bitartez eta aldi berean azaldu du “ tailu honetan esku-hartze ugari” egin izan direla bere historian zehar, eta “polikromia geruza asko, berreraikitze bolumetrikoak (oinetan) eta istripu anitz” bizi izan dituela.
lanaren pausoak Sainduko Kristo Gurutziltzatua zaharberritzeko, “Lehenik gaineko hautsa kendu zaio, atikoko horma-hobiko itxituran zeuden habia-hondarrak eta hondakinak kendu dira, eta ondoren solte zeuden piezak kokatu. Azkenik polikromia finkatu da eta margotze lana osatu da, zenbait gunetan kolorea galduta zegoelako”, esan du Udalak.
Lanak 1.270 euro kostatu du, Albayalde-Conservatio etxeak egin du eta iaz hiriko zenbait eskultura egokitzeko egin zen kanpainan txertatuta dago.
Egitasmo honetan, besteak beste, Santa María Ateko armarria, Rojas y Sandoval Apezpikuaren eskultura, Leda eskultura, Hartza eta Gurbitzaren eskultura, San Kristobal, Sabino Arana kaleko Lehoia, San Juan de Dios eta Javier Ugarteren eskulturak zaharberritu dira. - X.S.