Hondarribiko jaietarako sei aste falta direnean, Udalak aurten izango diren kontzertuak ezagutzera eman ditu.
Irailaren 5ean, 22.30ean, Bentako eremuan Stoldak, Onavibe eta Zopilotes Txirriaos taldeek kontzertu bana eskainiko dute, jaiei hasiera emateko. Hurrengo egunean, irailaren 6an, 17.00etatik 21.00etara, Gazte Kanttua egingo da Kasino Zaharreko lorategietan, 12 urtetik gorako gazteentzako jarduera gisa. Bertan kamisetak pertsonalizatzeko Esku Kreatiboak tailerra, Erik Troitiño DJaren animazioa eta Zatekeen erromeria izango dira. Gauean, 00.00etan, Merina Gris eta DJ Aitana Grandes ariko dira Bentan.
La Txama eta Kaotiko
Irailaren 8an, 23.00etan, Bentan La Txama eta Muxutruk! taldeek kontzertua eskainiko dute. Ondorengo egunean, irailaren 9an, 22.30ean, Kaotiko taldearen emanaldia izango da Bentan, eta aldi berean, Arma Plazan, Mariachi Principal de México taldeak ikuskizuna eskainiko du.
Asteazkenean, irailaren 10ean, Gazte Kanttua egingo da berriz ere Kasino Zaharreko lorategietan, baina oraingoan 16 urtetik gorakoentzako edizio berezian. Egun horretan Techno Eguna ospatuko da, N97 kolektiboaren eskutik, eta Irune Muguruza zein Jota artistak ariko dira zuzeneko emanaldi elektronikoekin. Gaueko 22.00etan, Bentan, Mirua eta Iratzar Erromeria taldeek kontzertua eskainiko dute, eta ordu berean, Arma Plazan ‘La Lazarilla’ izeneko komedia antzezlana aurkeztuko da.
Irailaren 11n, jaietako azken egunean, 20.30ean, Errobi taldeak kontzertua eskainiko du Bentako karpan.