Zarautz - Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak martxan jarri ditu Emakumeen Jabetze Eskolako ikastaroak eta urritik abendura zazpi ikastaro eskainiko dira. Gainera, herritarrei aukera guztien berri emateko aurkezpen saio bat egingo da bihar, 18.00etan Etxezabalan. Bertan izango dira ikastaroak emango dituzten irakasle guztiak edukiak, helburuak, metodologia eta abar azaltzeko.

Honakoak dira eskainiko diren ikastaroak: Publizitatea genero ikuspegitik, Bizikleta mekanika tailerra, Emakumeak kameraren atzean, Oinarrizko konponketak: elektrizitatea, mindfulness, Genealogía femenina eta autodefentsa ikastaroa.

“Pertsona batzuek ez dute uler-tzen zergatik egon behar den eskola bat zehazki emakumeentzat. Erantzuna erraza da: diskriminazio egoera jasaten dugu emakumeak izateagatik, eta baita gure kontrako indarkeria ere. Egoera horri aurre egiteko legeak beharrezkoak dira, baina guk geuk ere, geure burua prestatu behar dugu eta barnean dauzkagun hainbat gaitasun eta indarrak berpiztu behar ditugu”, azaltzen du Gloria Vazquez zinegotziak.

Ikastaroetan izena emateko epea hilaren 26a arte egongo da zabalik (berdintasuna@zarautz.eus / 943 005 117). - A.R.