Festak eztanda egin zuen atzo Errenterian. Herritarrek beste behin erakutsi zuten beraientzat zein garrantzitsuak diren madalenak.

Ohi bezala, jende mordoa bildu zen Herriko Enparantzan, Zumardian eta ondoko kaleetan txupinazoaren giroa gertutik bizitzeko. Txupinazorako hamar bat minutu falta zirelarik gazteak bata bestea irinarekin eta urarekin zikintzen hasi ziren. Ketchup eta mostaza botila batzuk ere tartean zeuden.

Baina aurtengo omenduak, Oinez elkarteko Amaia Urdampilleta eta Joxin Arregi duela urte batzuk Aitor Albisturrek idatzitako bertsoa abesten hasi zirenean ixiltasuna egin zen.

Inoiz baino anitzagoa eta solidarioagoa izan da aurtengo txupinazoa, txupina pizteaz Urdampilleta arduratu zen, Arregi eta beren etxean aurkitzen diren herri ezberdinetako herritarrek lagunduta.

Txupina lehertuta, musika bandak El Centario pasodoblea jotzen hasi zen eta herritarrek “txunpa txunpa” eta “la, la, la” abesten zuten, salto eta dantza egiten zuten bitartean.

Orain, egitarau oparoa duten beste lau egun gelditzen dira aurretik eta musika protagonista izango da. Mota guztietako doinuak izango dira madalenak girotzen oholtza desberdinetan. Atzo Ken Zazpiren txanda izan zen, gaur Marinah eta Ojos de brujo taldeek joko dute eta datozen egunotan Oihan Vega, La Basu, Willis Drummond, Mojinos Escozíos eta Ruper Ordorika arituko dira.

Bestalde, Udalak adierazi duenez, madalenak jai parekideak eta euskaldunak izatea nahi du. Horretarako, bi kanpaina abian jarri ditu. Alde batetik, Egin keinua! izeneko kanpaina sustatu du aurten ere. Kalean jarri diren saltokietako langileei euskarazko hiztegi labur bat eman zaie bezeroekin oinarrizko elkarrizketa errazteko eta atxiki diren postuek kartel bereizgarri bat dute. Saltzaile batzuei pegatinak ere emango zaizkie.

Parekidetasuna Bestalde, Oarsoaldeko Udalek sentsibilizazio-kanpaina jarri dute abian udan jai parekideen alde eta eraso sexisten, homofoboen, xenofoboen eta transfoboen aurka jarduteko.

Abian jarritako kanpaina honen helburuak hauek dira: batetik, errespetuzko jarrerak aldarrikatzea, guztion gozamenerako jaiak izan daitezen, inolako erasorik gabe; eta bestetik, tabernetan, txosnetan eta elkarte gastronomikoetan erasoen aurkako informazioa izatea, nola jokatu behar duten jakiteko. Horretarako, kartelak, protokolo bat, pegatinak etab. sortu dituzte.