Kalerkik antzerkiz beteko ditu kaleak uztailaren 6tik 8ra
Zarauzko jaialdiaren XXIV. edizioak ‘Sagartu’ obraren estreinaldia hartuko du hilaren 8an
Zarautz - Zarauzko XXIV. Kalerki Kale Antzerki Jaialdiak, beste urte betez, antzerkia aterako du kalera, eta aurtengo hitzordua uztailaren 6, 7 eta 8an izango da. Aurten, gainera, Euskal Herriko sei konpainiek beren azken lana aurkeztuko dute eta horietako bi estreinaldiak izango dira.
Uztailaren 6an, 19.30ean, Sardiña Bakalau kalejirarekin hasiko da Kalerki. Anita Maravillas Teatro konpainiakoek herriko kaleetan animazio ibiltaria eskainiko dute. Egun berean, 20.00etan, Frontoi Txikin Sonata a cuatro pies oinekin egindako antzerkia eskainiko da.
Ostiralean, 19.00etan, iazko arrakasta gogoan txupinazoa izango da Zezen puzgarriak ekitaldiarekin eta aurten ere entzierroa egingo da. Frontoi Txikin, 20.30ean, Mr. Pichichi, 2016 urtean Leioako Umore Azokan Publikoaren Saria lortu zuen emanaldia eskainiko da. Gauean Lege Zaharren enparantzan, Cia. Tornado euskal konpainiaren Lapur minak obra eskainiko da (22.00) eta 23.00etan Modelo aretoan, Escaparate Vivo izango da. Hasiera eta bukaerarik ez duen ikuskizuna da, proposamen guztiz berritzailea.
Azken emanaldiari lotuta, ikuskizun hau zuzendu eta antzezten duen Matias Zanottik birjantzi tailerra eskainiko du uztailak 4, 5 eta 6an, Merkatu Plazako lehen solairuan, eta oraindik ere plazak geratzen dira (informazio gehiago 943 005 120 edo kultura@zarautz.eus-era idatzita). Bertan sortutakoarekin erakusketa bat edo Alproja antzerki taldearen parte-hartzea izango duen sorpresa eskainiko da larunbatean.
Larunbatean, 19.00etan, Malekoian (Duke Enea parean), Surfer clown, eskainiko da eta amaitzean, Dama parean dantzarekin gozatzeko beta izango da, bi ikuskizunekin: El fin de las cosas (20.00) eta Naufragio Universal (20.30). Lehena proiektu irabazlea izan da Karrikan plataformak egin duen lehen laguntza deialdian. 22.00etan, Munoan, Sagartu emanaldiaren estreinaldia izango da. Oinkari Dantza Taldea eta Hika Teatroaren eskutik, umorearekin eta modu bizi-bizian, sagarrak gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahiak plazaratuko dituzte. “Sagarrak baserriaren iraupena ekarri du gure herrian eta gure ondarea gogoan izango dugu”, jakinarazi zuen Hika Teatroko zuzendari Agur-tzane Intxaurragak. Larunbatean ere, 23.00etan, Escaparate Vivo ikuskizun-instalazioaren beste saio bat egingo da horretarako prestatutako Modelo aretoko erakusleihoan. Eta Kalerki borobiltzeko, 23.30ean Lekittoko Deabruak taldeak Anabasa ekarriko du malekoira.