Síguenos en redes sociales:

Blagan Eguna ospatuko dute larunbatean Hondarribian

Euskara elkarteak mosaikoa osatu nahi du abendurako 500 lagunekin

Blagan Eguna ospatuko dute larunbatean Hondarribian

hondarribia - “Euskara kalera atera eta honen erabilera bultzatu eta jai giroan aldarrikatzeko helburuarekin”, Blagan Eguna antolatuko du larunbat honetan Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteak.

Udalaren eta hiriko elkarte eta eragile askoren laguntzarekin, “programazio zabaleko eguna” egitea lortu dutela esan zuten atzo Blaganeko presidente Martin Lizeagak eta elkarte honetako kide Estitxu Arretxek, Arantxa Berrotaran, Euskara zinegotziarekin batera.

programa Blagan Egunaren erdigunea Arrantzale Auzoko ingurua izango da, Itxaropena eta Gran Sol tabernen artean. Han, goizeko 11.00etarako musika giroa izango da eta 12.00etan, irratsaioa egingo dute Koldo Emery eta Nikolas Aldayk.

Eguerdi aldera, 13.00etan, Abiyuan txarangarekin, erraldoi eta buruhaundiek lagunduta, eta Blagan Eguneko helburuekin bat egin duten hondarribiar ezagun asko buru direla, kalejira aldarrikatzailea Arraun Elkartetik irtengo da eta Kai Zaharrean geldialdia egin ostean, Portua auzoko kaleetan ibiliko da, Arrantzale Auzora iritsi arte.

Han, 14.30ean, herri bazkaria antolatuko du Blaganek eta ostean, dantza izango da Ttipika taldearekin eta eguna amaitzeko, Elektropatxarangaren kontzertua. Euria egiten badu, ekitaldiak Soroetako frontoian egingo dira.

“Bazkarirako txartelek 15 eta 8 euro balio dute heldu eta umeentzat, eta salgai daude San Pedro kaleko Blagan kafetegian eta Sabin Aranako Itxola dendan”, gaineratu zuten atzo Blagan Euskara Elkarteko kideek.

Arantxa Berrotaran Euskara zinegotziak, Udalak Blaganekin duen “lan-harreman estu eta ona” azpimarratu zuen eta dei egin zien hiritarrei Blagan Egunean parte hartzera.

mosaikoa Blagan Eguna izango den honetan, euskara elkarteak “euskararen erabilera hobetzea eta euskaraz bizitzeko aldarrikapena” egingo duen mosaikoa osatu nahi du.

“Larunbatean, 14.00etan aurkeztuko dugu ekimen hau. Itxeki euskarari lelopean, 500 hondarribiarren argazkiekin mosaikoa osatzen hasiko gara. Helburua, abenduaren 3rako osatzea da”, esan du Blaganeko presidenteak, Martin Lizeagak.