“Erronka handia da herrian nire obra erakustea. Gainera, uste dut Orion dagoen ilustratzaile bakarra naizela”
Elene Tamayo (1993) Madrilen bizi da baina Oriora itzuli da bere obra herrian erakustera. Kultur etxeak hartu ditu bere ilustrazioak eta hilaren 24a bitartean egongo dira ikusgai
-Azken urte honetan egindako lanak biltzen ditu erakusketak, baita gradu amaierako proiektua ere, La felicidad está en tus manos izena duen liburu ilustratu bat. Azken finean, marrazterako orduan erabiltzen ditudan teknika desberdinak erakutsi nahi ditut. Guztira, 20 ilustrazio inguru daude, eta horretaz gain, marrazkiak egiteko erabiltzen dudan prozesua erakusten duen bideo bat ere proiektatuko da.
Zeintzuk dira nagusiki lantzen dituzun gaiak?
-Natura da gehien jorratzen dudana, eta batez ere, itsasoa. Erakusketa honetan agian ez da asko ikusten itsasoa, Gabonetan marrazki asko saldu ditudalako, baina nire lanetan itsasoa asko nabarmentzen den gai bat da. Basoa eta animaliak ere asko lantzen ditut, eta elefantea eta balea dira agian gehien erabiltzen ditudan animaliak. Naturak asko inspiratzen nau, hiritik kanpo dagoenak. Orain Madrilen bizi naiz eta agian horrek ere badu eragina; izan ere, itsasoa asko botatzen dut faltan.
Ikasketak amaitu berri dituzu, baina egin duzu beste erakusketarik?
-Madrilen egin izan ditut. Bat, Malasaña auzoan, denda vintage batean, eta beste bat La Latina auzoko taberna batean. Bestalde, beste bi dendetan nire obrak daude salgai.
Orion zure lehen erakusketa izango da, beraz, eta zure herria izanda berezia izango da, ezta?
-Bai bai, oso urduri nago, inoiz baino gehiago, hemen denak ezagutzen naute eta ez da berdina, erronka askoz handiagoa izango da. Harritu egin nau, jendeari kuriositatea piztu baitzaio; izan ere, hemen denak ezagutzen gara eta suposatzen dut horrek eragina duela. Gainera, uste dut Orion dagoen ilustratzaile bakarra naizela.
Baina lanbide honekin Orion bizi-tzea zaila izango da...
-Bai, hemen arteaz bizitzea zaila da. Dena den, nik nahiago dut hemen bizi eta ez dut nahi Madrilen betirako geratu, baina orain han ditudan aukera guztiei atera nahi diet zukua.
Betidanik gustatu izan al zaizu artearen mundua?
-Txikia nintzenetik marrazten dut, eta plastika ondoen ematen zitzaidan ikasgaia zela argi ikusten zen. Irakasle batek batxilergo artistikoa zegoela komentatu zidan eta hortik abiatu nintzen. Ondoren, Sorkun-tza eta Diseinuko gradura apuntatu nintzen, azken urtea Madrilen pasatu nuen eta han mugimendu handia dagoenez, han gelditzera animatu nintzen.
Zer ematen dizu ilustrazioak?
-Ez dut nire burua imajinatzen marraztu gabe. Asko betetzen nau, eta askotan goizeko 4.00ak arte egon naiteke marrazten. Ilustratzaile bezala ez banu lanik aurkituko ere, marrazten jarraituko nuke hobbie bezala. Borrokatu egingo dut ilustratzaile gisa lan egiteko eta konstantziarekin nik uste dut lor dezakedala.
Ze proiektu dituzu aurrerantzean?
-Ilustrazio master bat egin nahi dut Valentzian datorren ikasturtean, eta bitartean erakusketa gehiago prestatzen eta hobetzen jarraitu nahi dut. Bestalde, asko gustatzen zait liburuen ilustrazioa, nire gradu amaierako lana hori izan da, eta hori egiteko gogo gehiagorekin geratu naiz. Beraz, epe luzerako proiektu bat izango litzateke liburu bat egitea, oso interesgarria iruditzen zait eta horretan nahiko nuke lan egin.