Eskualtxeta eraikina getariar guztien ahotan dabil azken egunotan duela hilabete batzuk filtratu zen informazioa dela eta. Zurrumurruek diotenez, Getariako Udalak aipatutako eraikineko lokal batean beilatoki bat jarriko du, eta horrek kezka handia sortu du eraikinean kultur jarduera ezberdinak egiten dituzten taldeen artean.

Udalaren ustezko asmo horren aurrean, 40 getariar ingururen artean Eskualtxeta Bizi-bizirik taldea sortu dute, beilatoki bat eta kulturgune bat ondoan egotea bateragarriak ez direlakoan eta eraikin kulturala babestu nahian. Zalantza guztiak gaur argituko dira, Udala informatzen saioan, Udal Gobernuak asmo errealak zein diren azalduko baitu, 19.00etan Pleno aretoan.

“Zurrumurruak maiatzean iritsi zitzaizkigun eta uztailean zinegotzi bati gaiaren inguruan galdetu zion taldeko kide batek, eta ez zuen baie-tzik ez ezetzik esan. Denbora aurrera joan ahala, beilatokia egiteko Udalak diru-laguntza bat eskatu zuela jakin genuen, eta laguntza hori jasoz gero, herritarrei beilatokia ea beharrezkoa den ala ez galdetuko ote zuten komentatu genien. Erantzuna hauxe izan zen: lagun-tza jasotzen badugu egingo dugu. Udalaren eraikin bat da eta Udalak nahi duena egiteko eskubidea dauka. Horren ondorioz hasi ginen mobilizatzen eta herritik pankartak jartzen”, azaltzen dute taldeko kideek. Mobilizazio horrek izan du eragina eta Udalak gaur emango ditu jakitera zein diren bere asmoak. “Protestak bere fruitua eman du eta alde horretatik pozik gaude”, diote taldekideek.

Eskualtxeta ez da kultur etxea, baina taldeko kideen arabera, “hemen egiten dira herriko kultur jarduera nagusiak, adibidez, pintura tailerrak eta ingeleseko ikastaroak, eta gaztetxea eta Artzape aldizkariaren egoitza ere hemen dago”. Argi dute beilatokia jartzen ez dutela utziko. “Ikusiko dugu zer esaten duten bileran, eta horren arabera norabide bat edo bestea hartuko dugu aurreran-tzean”, diote amaitzeko.