Euskal antzerki bat bada “Damua Garaiz” deritzaiona, baiña gure bizimodu labur onetan damua berandu izaten degu askotan. Gure alkarrizketatan maiz erabilliko ditugu “Egin banu”, “Egin balitz” eta antzekoak; balitzko errotak iriñik ez du ordea, eta ortik sortzen zaizkigu gure samintasunak.
Euskalerrian eta beste errialdetan ere bai noski, tren eta tranbiak izango ziran aurrerapenik nagusienak. Txirrita bertsolariak ere arriduraz kantatzen du, “Goizean erten Irundik eta/illuntzerako Madrilla”, Norteko trena jarri zutenean.
Bide luzetarako aurrerapen arrigarria izanik, erri barrurako ere ala izango zala-ta, jarri zituzten tren txikiak: Bilbaotik Donostirakoa, Donostitik Hendairakoa, Donostitik Iruñarakoa, Irundik Elizondorakoa, Zumarratik Zumairakoa eta abar. Tranbiak, berriz, Donosti barrukoa, Tolosatik Donostirakoa, Ernanitik Donostirakoa, Irundik Ondarrabirakoa, eta oroitzen ez naizenik baldin bada, barkatu.
Etorri zan garai bat, langillea kotxeakin ibiltzeko maillara igo zana, eta gure tren txiki eta tranbiak orduan egin zuten porrot. Gure aurrekoak egin zituzten lan eta erlijien oroigarri ziran tren eta tranbia oriek, bertan bera uztea, gaur damu dute noski agintari batzuk. Beranduko damua ordea, idazlan onen izeburuak dion bezela.
Paper edo egunero zarrak astintzen nabillela Plazaolako trena izan zanaren istoriakin aurkitu naiz, eta berak eman dit idazlan au burutzeko gogoa. Prankotan ikusi banun ere, bertan ez nintzan iñoiz ibilli; sarritan pentsa-tzen det ordea, gaur zer gauz ederra izango li-tzaken Donostin sartu tren orretan eta mendi tarte oietan barrena Iruñara joatea!
1914’ko urtarrillaren 19’an izan zan bere inagurazioa, Iruñako eta Donostiko agintariak Uitzin bildu ziralarik ondoren Iruñara joateko. Gerora jendearen serbiziorako jarri bazan ere, etzan elburu orrekin jarria trenbide ori: Plazaolan, itxaropen aundia piztu zuten meaz edo minan arrastoa aurkitu zuten, eta orko emaitza Pasaiko kaiara eramatea izango zan burni-bide orren eginkizuna.
Etzuten itxaropen makala, mendi oietan orrelako trenbidea jartzea amestu zutenak; adibidez, 66 tunel dauzka eta Uitzikoa aundina 2,7, kilometrorekin. Gaurko aurrerapenik etzan garai aietan, sinisteak lanak ditu orrelako lanak egin zituztela. Langabezirik etzan izango. Ez gaur ere orduan bezala lana egin bear balitz.
1953’an izan gendun ugolde arek eman zion azkena ia berrogei urtean ainbat joan-etorri egin zuan tren maiteari. Gaur, paseorako eta kirol-giroan ibiltzeko dago bide ori. Ondo ibili.
Azken ori danontzat
etortzen da emen,
Plazaola trenak ere
esan zigun amen;
tunel da bide asko
lengo eran omen,
garai artako bizi-
moduan oroimen.