donostia - Ehun bat hitzordu egitarauan eta Aste Nagusiari ekiteko eta hiria abordatzeko prest daude Donostiako Piratak. Trinitate plazara, Nautikora, Saguesera, Urgullera, Grosera eta Intxaurrondora ere iritsiko dira, baina aingura nagusia portuan botako dute eta piraten “bihotza” bertan dagoela gogoratuko dute aurtengo lemarekin: Gora kai herrikoiak!

Jai herrikoiak aldarrikatzeaz gain, kultur aniztasunaren alde egin nahi dute Piratek, jasangarritasunaren alde ere bai (herri bazkarietan bertako produktuak jango dituzte eta hemengo garagardoa ere izango dute txosnetan) eta espazio publikoa okupatzearen alde. Eta ume, gazte eta helduei “goizez, arratsaldez eta gauez” disfrutatzeko aukera eman nahi diete atzo kofradietako kideek aurkeztu zuten egitarau zabalaren bidez.

Aste Nagusiari hasiera propioa emango diote abuztuaren 13an La Flamenkan bertan botako duten txupinazoarekin. Ordutik aurrera ekitaldi gehienetan Matti eta Ezkila kapitaina izango dituzte lagun (egun gutxi ba- tzuetan argituko dute nortzuk izango diren). Ordutik, gauero Trinian afariak egingo dituzte, musika izango da ondoren eta gauero kontzertu bat izango da La Flamenkako taula nagusian. Gatibu gernikarrek joko dute igandean (hilak 14), Adrenalized talde donostiarrak 16an eta Fanfare Ciocarlia talde errumaniarrak ostiralean, besteak beste.

Igandean Urgullen erromeria eguna antolatuko dute eta astelehenean abordatzea helduko da. Ohi bezala, goizean goiz hasiko dira koadrilak baltsak muntatzeko lanetan. Bazkarian indarrak hartu eta uretara botako dira guztiak 17.00etatik aurrera Kontxarako bidean, nor baino nor. Iaz 4.000 lagunek jantzi zituzten pirata jantziak eta aurten ere guztien segurtasuna bermatzeko suhiltzaileek, Dyako eta Gurutze Gorriko boluntarioek eta urpekariek egingo duten lana eskertu zuten atzo antolatzaileek.

Abordatze nagusiaren ondoren, ostegunean gaztetxoek hartuko dute lekukoa abordatze txikian eta hori baino lehen, igandean, entrenamendu modura Bernat Etxepare plazako estankea ere abordatuko dute intxaurrondotarrek.

Ekitaldiak kalean dira “kalean eraldatzen delako jendartea” eta espazio publikoaren okupazioa aldarrikatu nahi dutelako: “Espazio publikoa okupatuta daukate orain turismo masiboarekin, proiektu txikitzaileekin eta gu begira nahi gaituzte. Baina espazio publikoa gureganatu behar dugu, gurea delako”, adierazi zuten Piratek. Aldarrikapena ironiaz eta umoretsu egin nahi dute eta horretarako, Aste Nagusiaren atarian, abuztuaren 6an, Bertsopiropoteoa antolatu dute, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza lagun. Egungo Donostia horri piropoak botako dizkiote, bertsotan eta poteoan dabiltzan bitartean.

Festetan zehar eraso sexistarik ere ez dutela onartuko garbi utzi zuten eta, aurrekoetan bezala, telefono zenbaki bat jarriko dute horrelakorik gertatuz gero laguntzeko.

kofradiak Egitarau nagusiaz gain, kofradia bakoitzak ere ekitaldi propioak antolatu ditu Aste Nagusirako. Urgulleko krossa eta playback lehiaketa prestatu dituzte Kalepozakoek, Sardiñerria festa Guardetxean Sardiñerek, MojitEro festa Jaraneroen kofradia berrikoek, koadrilen arteko jolasak Eskifaiakoek, Kainoikada Txofrean Ubarroiek edo ur jolasak Saguesen Eskandalosakoek, besteak beste. Txikitxoentzat ere hamaika hitzordu izango dituzte eta osteguna haien eguna izango da.