zumarraga - Bihar, 22.15ean, ETB1eko Nor bere saltsan programa estreinatuko da. Saio honetan lau lagun herrietako jaietara joango dira eta bertako gastronomia lehiaketetan parte hartuko dute. Lau lagun horietako bat Ander Gisasola zumarragarra da.
Beste hiru lagunak Kari bermeotarra, Gurru oriotarra eta Ipar lekeitiarra dira. Zumarragarra da, beraz, lehorreko bakarra. ETBk prestatutako prentsa oharraren arabera, “buruargia da eta ideia bereziak ditu, baina despistatu samarra ere izan daiteke, eta hori ez da beti bere kideen gustukoa izango”.
Gisasolak informatika ikasketak egin zituen eta Funeraria Vascongada ehorztetxean lan egiten du. Bertako informatika saila martxan jartzen ari da.
Burubero saioari esker izan zuen lehen hartu-emana telebista munduarekin. “Duela hilabete batzuk Burubero lehiaketan parte hartu nuen eta han ibili eta gero hau suertatu da”.
Astero saio bat grabatuko dute. “Zazpi saio grabatu behar ditugu, baina Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietara ez gara joan behar. Astean zehar erosketak egingo ditugu eta asteburuan gastronomia lehiaketetan parte hartuko dugu”, azaldu du.
Dagoeneko bi lehiaketatan parte hartu dute. “Mungian eta Urdulizen egon gara. Programaren helburua gastronomia lehiaketak, herrietako jendea eta festak ezagu-tzera ematea da. Esperientzia oso ona izaten ari da: jende asko ezagutzen ari naiz eta baita herri ezberdinetako ohiturak ere”.
Telebistakoa lan gogorra dela dio. “Oso gogorra da. Grabazio egunetan 4.30ean esnatzen gara eta 22.00etan itzultzen gara etxera. Zorionez, dibertigarria da. Gainera, astean behin bakarrik graba-tzen dugu. Hori dela eta, nire lanarekin bateragarria da”.
Biharko saioa Mungian grabatu zuten. Bertan, sukalkia prestatu zuten. “Gipuzkoarrok sukalkia zer den ikasiko dugu eta jendeak oso ondo pasatuko du. Gainera, Mungiako jaiak ezagutuko ditugu. Ikusleek ere sukalkia egiten ikasteko aukera edukiko dute, errezetak EITBren webgunean egongo baitira”.
Gisasolak sukaldaritza gustukoa duela dio. “Sukaldea gustatzen zait. Ez dut sekula sukaldaria naizela esango, baina jendeak gustura jaten ditu nik prestatzen ditudan jakiak”, azaldu du.
Jatun ona Ez du etxeko berezitasunik. “Errezeta berriak ikastea eta eguneroko bazkaria prestatzea gustatzen zait. Bestalde, jatun ona naiz. Denetik jaten dut”.
Sukaldaritzaz gain, telebista ere gustuko du. Dena den, informatikaria dela gogoratu du. “Telebistan jarraitzeko aukera suertatuko balitz, beharbada jarraituko nuke. Noizean behin zer edo zer egitea ez litzaidake inportako. Baina informatikaria naiz eta lanbide hori da benetan gustatzen zaidana”, amaitu du.