lazkao - Hitzak errima bidez josten ditu Aizpea Garmendia lazkaotarrak. Eguneroko bizitzan batere lotsatia ez den arren, jendaurrean bertsoak kantatzeak urduri jartzen duela aitortzen du. Barruko beldurrak taula gainean ateratzen zaizkiola ere nabarmendu du.

Euskal Herriko Eskolarteko txapelketan aritu zara. Txikitatik egiten al duzu bertsotan?

-Bosgarren mailatik bertso eskolan nabil, alegia, ia 8 urte beteko dira aurten. Lehen, txikiagoa nintzenean, aritzen nintzen etxean ariketak eta egiten gurasoekin, baina gehiago izaten zen joko moduan.

Gazteagoa nintzenean taldeka jokatzen zen txapelketa eta bi urtetan parte hartu nuen Goierriko Bertso Eskolako taldearekin. 13 eta 14 urte nituenean atera nintzen, eta bigarrenean, 14 urterekin, taldekakoa irabazi genuen. Hala ere, ordutik inolako txapelketa batean parte hartu gabe neon, aurten arte. Hala ere, Euskal Herriko txapelketara sailkatzea ez nuen espero ere egiten, ez nuen uste halakorik gertatuko zenik.

Nola joan zen txapelketa?

-Euskal Herrikora klasifikatzeko Gipuzkoakotik sailkatu behar da lehenengo. Adibidez, Gipuzkoakoan nahiko lasai egon nintzen, harri-tzekoa baina bai. Ez nuen espero sailkatzea, baina hala izan zen. Aldiz, Euskal Herrikoan urduri jarri nintzen berriz ere. Hasierako saioan hamabi ginen eta bi ariketa, bi ofizio, egin genituen eta hortik sei sailkatu ginen.

Gaia eman eta segundu gutxi dituzu bertsotan hasteko. Zer pasatzen zaizu momentu horietan burutik?

-Nik uste bestela pentsatuko ez nituen gauzak etortzen zaizkidala burura bertsotan hasi baino segundu gutxi lehenago. Gipuzkoako txapelketako finalean, esaterako, horixe bera gertatu zitzaidan. Ondoren, bideoan ikusi nuen saioa eta nire buruari galdetzen nion ea nola okurritu zitzaidan bertso hori. Mila gauza pasatzen dira burutik, abiadura oso azkarrean. Presio modukoa ere sentitzen duzu, eta azkar atera behar da zerbait. Hala ere, bertso osoa buruan izan arte ez naiz kantatzen hasten. Agian gehixeago tardatuko dut baina ezin dut bestela egin.

Eta momentu horretan ez bazaizu ezer bururatzen, zer?

-Horri diot beldur handiena. Pentsatzen hasi eta ezer ez bazait okurritzen zer egingo dut? Ixilik gelditu buelta eman eta berriz ere aulkian eseri? Pentsatze hutsarekin urduri jartzen naiz. Lagunei hala jartzen naizelakontatzen dietenean askotan ez dute sinisten, bizitzako beste alorretan ez bainaiz batere urduria. Baina bertsotan hori gertatzen zait.

Zure buruarekiko konfidantza falta izan daiteke?

-Ba agian bai, izan daiteke. Jende aurrean egoten naizelako da hori. Mundu guztia niri begira egotea ez dut gustuko, beldurra sartzen zaitela esan dezaket.

Ba al duzu bertsolari kuttunik?

-Ba egia esan ez. Pertsona baino, gehiago fijatu ohi naiz egin duen saioan, eta horren arabera nahiago dut batek edo besteak irabaztea.

Hemezortzi urte bete dituzu, eta datorren urtean unibertsitatera joango zara.

-Bai, datorren urtean Arrasatera joango naiz diseinu industrialeko ingeneritza ikastera. Aldaketa handia izango da, eta oraindik ez dakit nola organizatuko naizen han. Bertsoez gain, beste hainbat gauzetan ere banabil, eta guztiak utzi beharko ditut. Ez dakit aukera izango dudan bertso eskolan jarraitzeko.

Bertsotan umorea askotan erabili izan ohi da. Zuk baduzu joera hori?

-Ez. Jarritako gaiaren, edozein dela ere, alde dramatikoa gehiago landu ohi dut beti, joera hori dut. Behin ofizioka ari ginenean nire ondoan zegoen bertsolariak onartu zidan saiatu zela umorearen aldetik eramaten bertsoak, baina nik ez nuen ildo bera jarraitu. Umoreak badu batzuetan arriskua: ez bada benetan barregarria posiblea da inori ez grazia egitea.

Eta plazan kantatzearena nola ikusten duzu?

-Oraindik ere ikasi egin beharko dut. Hemendik hiru egunetara, asteazkenean, Lazkaoko plazan arituko naiz. Maizpide euskaltegikoek ekintza ugari antolatzen dituzte udari begira, eta horietako bat izango da asteazkenekoa. Plazan egin ohi da eta irekia da. Ikusi egin beharko da, ordea, bertan ea lasaiago nagoen bertsotan edo ez.