Villabona - Villabonako Udaleko Kultura sailak prest du apirileko egitaraua. Tailerrak, antzerkia, musika eta zinemarekin gozatzeko aukera izango dute billabonatarrek datozen asteetan.

Aste Santuko oporraldiaren ondoren hasiko dira ekitaldiak. Hilaren 17an Egunsentiaren kantak emanaldia izango da Gurean. Bertan Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo kantariek parte hatuko dute, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin, Txema Garces, Iosune Marin eta Michel Longaron musikariekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude Amasa kafetegian eta Kutxabankeko ohiko bideetan (aurrez 8 euro eta egunean bertan, 10) .

Apirilaren 26an, berriz, Gorakada taldeak Munduari itzulia antzezlana aurkeztuko du, ikusle guztientzat ikuskizun musikala. Jose Cruz Gurrutxaga, Aritza Rodriguez eta Miren Larrea aktoreak izango dira taula gainean.

Erakusketentzat tartea ere izango da hil honetan, izan ere 23an Seve Iglesiasek Paisajes, retratos y pintura abstracta erakusketa zabalduko du Gureako erakusketa gelan. Maia-tzaren 15a bitarte ikusgai izango da.

Zinemari dagokionez, Santtio zineklubean apirilaren 21ean Vaya par de gemelas proiektatuko dute eta zinezaleen asteazkenetan, hilaren 29an, Gran Torino filma. Asteburuetan ere pelikulak izango dira eta maiatzaren 4an amaituko da ohik zinema denboraldia. Maiatzaren 6tik ekainaren 8ra bitarte villabona.dok dokumental zikloa izango da.

Bi tailer berri Sendabelarren ikastaroa antolatu dute, apirilaren 27an hasi eta ekainaren 10ean amaituko dena. Izen-emateko epea zabalik dago hilaren 24a bitarte, eta Villabonan erroldatuta daudenek 60 euro ordaindu beharko dute (ez daudenek, 80). Informazio gehiago nahi duenak 943 691 655 telefonora deitu beharko du edo kultura@villabona.net helbidera idatzi.

Sukaldaritzarekin lotutako tailerra ere antolatu dute, kasu honetan masak egiten ikasteko (ogia, briochea, pasta, pizza, focaccia...). Irakasleak Basque Culinary Center-eko Javi Rivero eta Eneko Amondararin ikasleak izago dira. Hilaren 27an eta 28an eskainiko den sei orduko ikastaroa izango da, 19.00etatik 22.00etara. Tailer honetan izena emateko epea ere hilaren 24a bitarte luzatuko da (Villabonan erroldatuentzat 15 eta gainerakoentzat, 18). - M.S.S.