Hondarribia - Leire Barónek eta Maider Cámarak “ilusio handiarekin” zabaldu zuten Ttopara kafetegia, Hondarribiko Arma Plazan, Hirigune Historikoaren bihotzean, aspaldian izen bereko arte galeria ezaguna zegoen lokal beran, “obra egiteko inbertsio potoloa” eginez. Krisi garaiak harrapatu zituen ireki eta gutxira baina, oro har, “pozik” omen daude orain arteko ibilbidearekin.

Zerk bultzatu zintuzten zu eta Maider Cámara bazkidea Ttopara zabaltzera? Ba al zenuten ostalaritzan esperientziarik?

-Kuadrillakideak gara biok eta lagun taldeak oso gustuko dugu Hondarribiko Hirigune Historikoan bizitza egitea. Gauza da ez dagoela taberna edo kafetegi gehiegirik eta beti faltan botatzen genuen, garai hartan, lagunekin inguru honetan gosaltzera joateko lekuren bat. Maider eta biok bulego lanetan genbiltzan eta Ttopara zabaltzeko ideia izan genuen. Lokalaren jabeekin hitz egin eta haiek konbentzitu ondoren, gure lanak utzi eta honetan sartu ginen buru-belarri. Eta honela, laster zazpi urte izango dira.

Zer nolako jendea da hona etor-tzen dena? Turistak dira zuen bezero nagusia ala bertakoak?

-Denetarik izaten dugu, egia esan. Astean zehar, goizetan, auzoko jendea edo udaletxeko langileak ere etorri ohi dira. Bezero finko asko ditugu gosarietan. Arratsaldez, gertu dagoen kultur etxeko Musika Eskolara joaten diren umeak eta gurasoak ere etortzen dira, lehen orduan bereziki. Musika Eskola gertu izateak lan dexente eman digu, baina agian uste izango genukeena baino zertxobait gutxixeago. Eta arratsetan ere, inguruko bizilagunak etor-tzen dira garagardoren bat edo har-tzera. Asteburuetan, aldiz, oso bezero desberdinak dauzkagu. Hondarribira egun pasa etortzen den jendea, hoteletako turisten batzuk eta baita inguruko herrietako bikoteak, txoko hau deskubritu dutenak. Bezero onak ditugu bertakoak, seguru aski inportanteenak. Baina egia da, Hondarribiko beste ia edozein ostalaritza negoziotan bezala, maiatzetik aurrera, turistekin izaten dugula lan koporu handiena. Frantsesak bereziki, ezinbestekoak zaizkigu.

Kafetegiak krisi urte hauetan nolabaiteko bilakaera edo izan al du? Berdinak dira hasierako eta oraingo Ttopara?

-Ba ez erabat. Hasieran, adibidez, gosariekin apustu fuertea egin genuen eta pastel eta bizkotxo aukera anitza geneukan. Denborarekin ikusi ahal izango dugu agian gozoen aukera hori ez zutela bezeroek horrenbeste apreziatzen. Eta aldiz, adibidez, garagardoaren eskea ikusita, kañeroa jarri dugu azkenean. Eguneroko lanak ematen dizu zure negozioa nola moldatu behar duzunaren neurria. Pozik gaude, hala ere, daukagun lanarekin. Gogorxeagoak izaten dira neguko hilabeteak baina eguraldi ona datorrenean, oso ondo egiten dugu lan.

Hondarribiko Hirigune Historikoa berezia da, ez bakarrik monumentu den aldetik, baizik eta beste hiri eta herri askotako alde zaharrekin konparatuz, bere bizitza eta gizarte mugimendua geldoxeagoa delako. Nola ikusten duzue hau?

-Kasu kuriosoa da, baina aspaldian falta izan zaio Hondarribiko Hirigune Historikoari bizitza eta mugimendu hori. Ekitaldi gehiago ekarri beharko lituzkete hona, inguru polita da eta merezi du. Guk, gure aldetik, gure zatitxoa jartzen dugu. Inauterietan, azken urteetan herri bazkaria egin da hemen Arma Plazan eta duela bi urtetik hona, kafetegia apaindu eta mozorrotu egiten gara. Erdi Aroko Azokan ere, ekainean, garaiko janzkera erabiltzen dugu, abuztuko Herri Giroaren egunean ere oso ondo lan egiten da. Iaz, Blues Jaialdiak kontzertuak ekarri zituen Arma Plazara eta oso ondo funtzionatu zuten... Honelako gehiago behar ditu Hondarribiak bere Hirigune Historikoan. Bizitza ematen badiogu denon artean, taberna, kafetegi, denda eta bestelako gehiago izango ditugu. Merezi du.

Jai edo kultur ekitaldiez aparte, Ttoparan azoka txikiak egiten dituzue asteburuan. Zergatik?

-Negozioari bizitza emateko beste modu bat da. Jendeak bere arropa, liburuak, diskoak edo pelikulak ekarri eta hementxe salgai jartzen ditu. Oso ondo funtzionatzen du. Gainera, Martxel Mariskal hondarribiarrak bere Me llamo Ezequiel y así será siempre liburuaren edizioko azken ale sorta hementxe saldu du, irabaziak Caritasi emanez. Oso pozik gaude ekimen guzti hauekin.