donostia - Kulturan ere euskaraz kanpaina jarri zuen atzo abian Donostiako Udalak, kulturaren alorrean ere euskara sustatzeko ekimena. Horrela, Donostia Kulturak herritarrari lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu du eta Udalean martxan jarritako protokoloaren egokitzapena egin du.
Hiriko kultur azpiegitura guztietan herritarrak euskaraz artatuak izango direla bermatu nahi du horrela Administrazioak. Hiriko kultur gune guztien harrera puntuetan enarak eta eranskailuak jarriko dira leloaren aldaera ezberdinekin: Antzokian ere euskaraz, Kultur Etxean ere euskaraz, Museoan ere euskaraz edo Liburutegian ere euskaraz.
Nerea Txapartegi udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak nabarmendu zuen atzo euskararen normalizazioaren bidean beste urrats bat dela: “Donostia Kulturak kudeatzen dituen gune guztietan euskararen erabilera bermatzen da gaur egun, 71 langilek dihardute harrera eginkizunetan eta guzti-guztiek euskaraz aritzeko gaitasuna dute”. Herritarrei, bada, euskaraz aritzeko deia ere egin die Txapartegik: “San Telmo Museora, an-tzokietara, kultur etxeetara edo liburutegietara gerturatzen direnean euskaraz egitera gonbidatu nahi ditut herritarrak, beraiei ere euskaraz zuzenduko baitzaizkie langileak”. Donostia Kulturako langile guztien %85etik gora dira gai herritarra euskaraz artatzeko eta zenbait zerbitzutan langile guztiak dira gai herritarren beharrei euskaraz erantzuteko.
Donostiako Udalak Udalean ere euskaraz kanpaina jarri zuen abian iaz eta orain beste eremuetara zabaltzen ari da egitasmoa, merkataritza eta kulturaren eremuetara. “Udal Gobernu honek konpromiso irmoa dauka euskararekin, bai bere normalizazioa eta bai bere erabilera sustatzearekin, eta euskara eremu guztietan sustatzen jarraituko dugu, udaletxean, dendan, tabernan, kultur etxean, liburutegian, kalean edo etxean”, gaineratu zuen Txapartegik. - N.G.