Azpeitia - Azpeitiko Udalak 1965ean sortu zen Antxieta arkeologia taldeko mende erdiko ibilbidea jasotzen duen liburua argitaratuko du aurten. Hori dela eta, egunkari hau orain dela 37 urtetik taldeko kidea den Jose Inazio Arrietakin elkartu zen atzo, beti ere, Antxieta taldea hobeto ezagutzeko.

Noiz eta nola sortu zen Antxieta arkeologia taldea?

-Andoni Albizuri Katxo eta Rafael Rezabalek sortu zuten 1965ean. Katxo oso kulturzalea zen baina bereziki gizakiaren eboluzioarekin zerikusia zuen guztia gustatzen zitzaion. Bere zaletasuna Rafael Rezabal lagunari pasa zion eta bien artean sortu zuten taldea. Gainera, Katxok herriko hainbat gazte mundu honetara erakartzeko gaitasuna izan zuen. Orain taldean hamar bat lagun aritzen bagara ere, Antxietako lehen bi hamarkadetan gazte ugari ibili ziren taldean.

Kide berrien falta somatzen duzue?

-Bai, horregatik aprobetxatu nahi dut arkeologiari edo gizakiaren eboluzioari buruz interesa duten herritar guztiak elkarteak Telefonika zaharreko eraikinean duen lokalera gerturatzeko. Asteartero elkartzen gara, 21.00etan, eta zaletu guztientzako lekua dago hemen. Bilera horietan urteko igande guztietan egiten ditugun irteerak prestatzen ditugu.

Taldearen 50. urteurrenari buruzko liburua prestatzen ari zarete...

-Bai, Udalak proposatu zigun eta guk daukagun materiala ipini dugu liburua idazten ari den Mari Jose Iriarteren esku. Ikerbasqueko ikertzailea eta Aranzadiko arkeologoa izateaz gain, gure taldeko zuzendaria da eta ondo ezagutzen du guk egindako lana.

Zeintzuk dira Antxieta taldeak bere ibilbidean egin dituen aurkikuntzarik nabarmenenak?

-Ehun aztarnategitik gora ditugu katalogauta baina garrantzitsuenak ondorengoak izan daitezke: Goi Peleolitoko Ekain haitzuloko aztarnategia horma margotuekin, Goi eta Behe Paleolitoko aire libreko Irikaitz aztarnategia eta Goi Paleolitoko Danbolinzulo haitzuloko aztarnategia horma margotuekin.

Zer nolako lana egiten duzue?

-Arkeologi Prehistorikoaren barruan gure lana ikerketaren lehen fasea da. Horrela, lehenik eta behin aran desberdinetan aztarnategi prehistorikoak izan litekeenak bilatzen saiatzen gara. Ondoren, aztarnategia izan liteken aurkikuntzaren topografia egiten dugu eta azaleko azterketa egin ondoren, ikerketa arkeologikoa egiteko baimena eskatzen diogu Aldundiari. Jarraian aztarnategi arkeologikoan kata edo zulaketa egiten da eta horren ondoren aurkitutako materiala garbitu, ikertu eta identifikatu. Hortik aurrera, aztarnategiaren dokumentazioa prestatzen da eta azkenik, gure zuzendariak diren Mari Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga doktoreei ematen dizkiegu materialak, lehenengo ikerketak egin ditzaten.

Antxieta taldeak badu izen bat euskal arkeologiaren munduan...

-Bai, eta aditu askok esaten digute Antxietako kideok badugula aztarnategi prehistorikoak topatzeko usaimen berezi bat. Hainbat urtetan bilatzen egonda ba... terrenoa geologikoki ezagutzen ikasten da.

Zuen lana, kobetan zentratzen da?

-Orain ez. Lehen pentsatzen zen gizakia leizetan bizi izan zela beti baina 1996an Irikaitzeko aztarnategia aurkitzeak inflexio puntua izan zen gure jardueran. Izan ere, bertan argi geratu zen gure aurrekoak aire librean ere bizi izan zirela. Irikaitzeko aurkikuntzak begirada aldatzea eragin zigun eta handik aurrera gehiago begiratzen dugu eremu irekietara.

Askotan entzun da Azkoitiko Munibe eta Azpeitiko Antxieta taldeen artean pikea dagoela. Egia al da hori?

-Bai, egia da. Orain igual ez horrenbeste baina beti egon da bi talderen arteko pike sanoa. Gipuzkoan dauden bi talde amateurrak dira gureak eta pike hori beti izan da. Hala ere, ez dugu inolako arazorik elkarrekin afaldu edo elkarri laguntzeko. Gainera, hitz egin gabeko pakto bat dugu eta Munibekoek Deba ibaiko bailaretan lana egin ohi izan duten bezala gu Urola ibaiko bailaretan aritzen gara.

Zelan ikusten duzu erakunde desberdinen artean Urola bailarako ondare arkeologikoa balorean jartzeko abiatutako ‘Hezurren egia’ proiektua?

-Betidanik ikusi dugun gabezia bete-tzeko aukera bat da. Izan ere, orain arte gure lana, normalean, ikertzaile eta zientzialarien esku gelditzen zen eta ekimen honi esker bailarako herritar guztiek ezagutu ahalko dute.