Txistorra, taloa eta baserritar jantziak nagusi!
Zarautzen eta Getarian atzo ospatu zuten festa eta Zumaian gaur izango da
zarautz - Donostian gaur izango dute festa handia, baina Urola Kostan atzo hasi ziren Santo Tomas jaia ospatzen. Zarautzen, urtero legez, AEK euskaltegiaren eskutik iritsi zen ekimena Lege Zaharren enparantzara eta txistorra eta taloa jateko aukera aparta izan zen. Ez ziren falta izan herriko baserrietako produktuak eta txistorra lehiaketa ere egin zuten. Gainera, Arraio irratiak bertatik egin zuen zuzeneko irratsaioa.
Baserritar jantzia soinean jarri zuten herritarrek eta adin guztietako lagunak elkartu ziren udaletxe plazan, eguerdia bitarte. Nahia elkarteak antolatutako Gabonetako artisau azokak ere Zigordia kalea jantzi zuen eta askok opariak erosteko beta hartu zuten.
Getarian berriz, ohi bezala, Gure Txeru elkarteak antolatu zuen azoka eta jende ugari bildu zen, xirimiriari aurre eginez, Berdura plazan. Urtero bezala, trikitilariak aritu ziren jaia girotzen. Arratsaldean gainera, Santo Tomas eguneko ohiturarekin jarraitu zuten eta gaztaina erreak banatu zituzten bizilagunen artean.
zumaian, gaur Zumaian, Alai auzategian antolatu dituzte ekin-tzak eta gaur, egun osoan zehar ospatuko dute jaia. Hala, 10.00etan udal txistulariak arituko dira festa girotzen eta jarraian, katxaperoak, puzgarriak, Izeta eskolako harri-jasotzaileen erakustaldia (12.00), trikipoteoa, Gorriti eta bere animaliak, Potxin eta Patxin pailazoak (17.00) eta 19.00etan, otarraren zozketa izango dira.