235 postu eta festa gune zabala prest egun handirako
Kalea txukun mantentzeko edalontzi berrerabilgarriak eta komunak jarri dituzte
donostia - Guztia prest dago jada gaurko Santo Tomas egun handirako. Azken urteotan bezala, festa gunea Parte Zaharretik haratago eramatea da helburua eta Erdialdeko kaleetan ere egongo dira postuak eta festa giroa. Auzo batzuetan ere ospatuko da urteko azoka bereziena.
235 postu izango dira Konstituzio plazan, Gipuzkoako plazan, Bretxan, Bulebarrean, Trinitate plazan eta San Juan kalea eta Sarriegi plazaren inguruan. Iaz baino 25 postu gehiago izango dira guztira. Animaliek, berriz, Okendon izango dute topalekua eta bertan bisitatu ahal izango dituzte gaztetxoek.
Festa baino lehen, azoka izan zen Santo Tomas eguna eta horren harira lehiaketak ere ez dira faltako inguruko baserritarrentzat. Ezti eta nekazal produktuen lehiaketak izango dira, baita txorimalo eta, nola ez, txistorra lehiaketak ere. Haurrentzat tailerrak eta jolasak ere prestatu dituzte Bretxan eta Zuloagan.
Dena den, protagonistak gaur ez dira beraiek izango, Konstituzio plazan kokatuko den Maikrux txerria baizik. Orain arteko handiena izango da, 360 kilo inguru baititu, eta flashen aurrean egoten ohitu beharko du gaur.
Giroa berotzeko, bestalde, kalejirak eta musika izango dira goiz eta arratsaldez Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetan eta 11.30ean herri kirolen txanda helduko da. Bulebarrean giza proba egingo dute. Kioskoan, aldiz, bertso saioa eskainiko dute Agin Laburuk eta Amaia Agirrek 13.15ean. Arratsaldez, berriz, Gaztelumendi anaiek hartuko dute lekukoa Trinitate plazan (15.30ean). Trinitate plazan bertan sokatira herrikoia egingo dute arratsaldean, 17.30ean.
Kantu saioak, trikitilariak, dan-tza saioak eta erromeria ere izango dira egun osoan zehar, baita DJ saioa ere Trinitate plazan (18.30ean).
autobusak Bestalde, eta festa eguna ahalik eta garbien buka-tzeko, ehun bat komun jarriko dituzte kalean eta zaborrak murrizteko edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte txosnetan (45.000 ale). Gainera, eta igandea izanda jendetza bilduko dela kontuan hartuz, Dbuseko autobus zerbitzuak areagotuko ditu gaur Udalak, auzo guztietatik Erdialdera dauden zerbitzuak handituz.
Guztia prest, eguraldiak lagun-tzea bakarrik falta da. Printzipioz, badirudi euririk ez duela egingo, baina eguna hotza izango da (gehienez 10 gradu) eta iparraldetik datorren haizea ibiliko da. Girotzeko, festara bertaratzea baino ez da behar. - A.Z.