lazkao - Bihar hasiko dira Lazkaoko Hirugarren Munduari buruzko jardunaldiak. Rwanda taldearen eta San Benito ikastolaren ekimen honek bi helburu ditu: herrialde hauetako bizimodua ezagutzera ematea eta Giharako kaleko umeak jasotzen dituen ikastetxerako laguntza biltzea.

Bihar, Josu Altzelai legazpiarraren Afrikako begiradak argazki erakusketa irekiko dute. Bertan, Altzelaik 2009ko Gabonetan Afrika beltzera egindako bidaian ateratako 30 argazki egongo dira ikusgai. Argazkiak hilaren 19a bitartean egongo dira kultur etxeko erakusketa gelan. Astelehenetik ostiralera 16.30etik 19.30era irekitzen dute eta larunbatetan 12.00etatik 13.30era eta 18.00etatik 20.00etara.

Gainera, bihar, 19.00etan, argazkilariarekin hitz egiteko aukera egongo da. Bestalde, bihartik hilaren 19ra bitartean, bidezko merkataritzako jakiak eta eskulanak egongo dira salgai erakusketa bertan.

Ostiralean, berriz, San Benito ikastolako ikasleek Ruandako Gihara herriko eskolaren aldeko jaialdia eskainiko dute. Ikuskizuna Areria kultur gunean izango da, 18.00etan.

Eta asteburuan jostailuen salmenta solidarioa egongo da plazako estalpean. Haurrek euren jostailuak salduko dituzte ostiral, larunbat eta igandean, 16.30etik aurrera. Larunbat eta igandean, baita goizez ere.

Bukatzeko, datorren asteazkenean, hilaren 17an, La fuente de las mujeres pelikula emango dute Areria kultur gunean. Zine emanaldia 21.30ean hasiko da. - A.Z.