donostia- 2015eko Urrezko Danborra zeinek jasoko duen bihar erabakiko dute. Herritarrek 24 proposamen aurkeztu dituzte eta biharko bileran Donostia Turismoko kontseiluko kideek beste hautagai batzuk ere proposatzeko aukera izango dute.
Aurten araudi berria aplikatzen ari dira saria banatzeko eta, horren arabera, bilera berezia izango dute bihar goizean Donostia Turismoko kontseiluko kideek. Saioa monografikoa izango da eta, beraz, Urrezko Danborra izango da jorratuko duten gai bakarra.
Mahai gainean herritarren 24 proposamenak izango dituzte. Guztiei hautagaiak Urrezko Danborra jasotzeko egindako merezimenduak argi eta garbi justifika-tzeko eskatu zitzaien. Horietatik, hamalau Udalinfon aurkeztu zituzten eta beste hamar, Turismo Bulegoaren bidez. Kasu bakoitza aztertu eta defendatuko dute eta kontseiluko kideen kandidatura berriak badaude, horiek ere jarriko dituzte mahai gainean. Bilera horren ostean, arratsaldean berriz elkartuko dira Urrezko Danborra zeinek eramango duen erabakitzeko.
Garapen Ekonomikoko zinego-tzi Jose Ruizek gogoratu du duela hilabete batzuk onartutako araudi berriarekin prozedura hobetu nahi izan dutela: “Arinagoa da, aurkezten diren proposamenak justifikatuta daude, prozesuari gardentasun handiagoa ematen dio eta hainbat zurrumurru pairatzen dituzten pertsonen edo erakundeen irudiari eragin diezaioketen espekulazioak saihesten ditu prozedurak. Horrela, prozedura errespetuzkoagoa izatea lortu nahi da”. Ruizek esan du, gainera, errekonozimendu hauek merezi dituzten pertsona eta erakunde asko daudela eta “erabaki bat har-tzeko garaian ahalik eta kontsen-tsu handiena” lortzen saiatuko direla aurreratu du. - N.G.