Síguenos en redes sociales:

“Lizartzako eskola zein egoeratan dagoen jakiteko, ikusi egin behar da”

Batzar Nagusietako ordezkariek atzo bisitatu zuten eraikina eta hurrengo astean Eusko Jaurlaritzakoak izango dira

“Lizartzako eskola zein egoeratan dagoen jakiteko, ikusi egin behar da”

Lizartza- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 2017 urte amaierarako Lizartzan eskola berria egingo duela hitz eman du. Hala ere, “premiazko beharrak” daudela uste dute eskolako zuzendaritza batzordeak eta Lizartza eta Orexako alkateek. Atzokoan Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztietako ordezkariek bisitatu zuten eraikina, PSE-EE izan ezik, Lohitzune Txarola lehendakaria buru zutela, eta hilaren 9an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkaritza izango da Lizartzan. “Eskola duin bat” aldarrikatzeko gaur, 16.00etan, ikasleen gurasoek kontzentrazioa egingo dute.

“Txosten asko egin eta ehunka argazki atera ditugu, baina gure eskola zein egoeratan dagoen jakiteko, hoberena bertaratzea eta ikustea da. Horregatik gaude hain interesatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza arloko ordezkariak etor daitezen, urgentziazko egoera dela ikusteko”, azaldu zuen eskolako zuzendaria den Marta Lakunzak.

Egun, 81 ikasle ditu eskolak, Lizar-tza eta Orexakoak guztiak, 2000. urtean baino 54 gehiago. “Ikasleen igoera nabarmena izan da eta hori da joera datozen urteetarako”, gaineratu zuen zuzendariak.

1966ko eraikinak segurtasun arazo larriak ditu eta arriskuak handiak dira. Duela hamar urte eman zioten Eusko Jaurlaritzari arazoen berri; ordutik bertako teknikariek egindako bi txostenetan aitortzen dituzte gabeziak eta eskola berriaren beharra. “Eskolak eskatuta ere beste bi txosten baditugu eskuartean, 2010an eta 2013an eginak, eta eraikinak arrisku asko dituela onartzen ditu”, esan zuen eskolako zuzendariak.

Fotokopiagailua komunean Lehen Hezkuntza eskaintzen dute Lizar-tzako eskola txikian. Azpiegitura zaharkitua izateaz gain, gela kopuru aldetik ere larri dabiltza. 2008 urtean aurrefabrikatutako etxola jarri zuen Eusko Jaurlaritzak, baina burdinezko eskailera batzuk igo behar dituzte goiko solairura igo-tzeko. Gainera, aditzera eman zutenez, berogailuak zarata handia sor-tzen du eta ez da nahikoa izan, gainera, espazio arazoak konpontzeko. “Irakasleak biltzeko gela txiki bat daukagu eta denak ez gara bertan sartzen. Gainera, bazkaltzeko ere gela hori erabili behar dugu. Fotokopiagailua, adibidez, ez zaigu inon sartzen eta komunean daukagu”, kexatu ziren irakasleak.

Zenbait ikasleren gurasoak ere atzoko bisitan parte hartu zuten. “Heziketan ondorioak ere izan ditzake egoera honek; izan ere ezinezkoa da txukuntasuna eta ordena transmititzea eskola honetan”, azaldu zuten Leire Gordo eta Itziar Saenz de Ojer ikasleen amek.

Hezkuntzarena nahiz eta Udalaren eskuduntza ez izan, hainbat baliabide eskaini dizkio Udalak eskolari azken urteotan ikasleak erosoago egon daitezen. Horrela, eskolatik kanpo, errepideaz bestalde diren beste udal lokal ba-tzuetan ematen ari dira, besteak beste, soinketa, musika eta an-tzerkia. Jangelara joateko ere eskolatik atera eta beste udal lokal batera zuzendu behar dute.

Batzar Nagusietako lehendakaria den Lohitzune Txarolak Lizartzan eskola duin baten beharra azpimarratu zuen atzoko bisitan. “Haur guztiek dute hezkun-tzarako eskubidea, eta eskubide unibertsala da, baina duintasuna ere beharrezkoa da. Udalak eskaintzen dituen baliabide ba-tzuei esker gabezia batzuk estaltzen ari dira, baina denak ezin dira estali”, azaldu zuen Txarolak.

Bere aldetik, Orexako alkate den Eneko Maiozek ezinbestekotzat hartzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza arloko ordezkariek hurrengo astean egingo duten bisita. “Askotan azpimarratzen da eskola txikien garrantzia gure herrien biziraupenerako. Bisita hauek oso garrantzitsuak direla uste dugu politikariek hainbeste alditan aldarrikatu ditugun premia horiek irudikatu ditzaten”, aditzera eman zuen alkateak.

Oraingoz Eusko Jaurlaritzak 2017 amaieran edo 2018 hasieran eskola berria egiteko lanak has daitezen aurreproiektu bat badu. Hala, ere urruti ikusten dute Lizartza eta Orexan. “Luzaroan eskatutako eskola da eta oraindik urruti ikusten dugu. Gainera, tartean hauteskundeak daude eta horrek ere ez digu konfiantza ematen”, azaldu zuen Begoña Balerdi Lizartzako alkateak.