donostia - Mugikortasun jasangarriaren astea ospatzeko hamaika ekimen antolatu ditu Donostiak. Hilaren 16tik 22ra irteerak, hitzaldiak, bideo emanaldiak, meriendak, tailerrak eta bizikleta azoka bat izango dira. Azoka 19 arratsaldean eta 20ean (egun osoan) egongo da zabalik Easo kaleko Donostia 2016ko egoitzan eta hiriko hamaika dendetako arduradunek, besteak beste, txirrinden mekanikari buruzko tailerrak eskainiko dituzte. Azoka amaitzeko Urban Cycle Fashion ekimena antolatu dute, hiriko txirrindularien inguruko moda azaltzeko.
Hamalau urte dira mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko aste hau antolatzen dutela Europa mailan. Donostiako Udalak Cristina Enea Fundazioarekin, Bizikletaren Behatokiarekin, Kalapie elkartearekin eta Donosti Rollerrekin batera antolatu ditu ekitaldiak Hiria, nire autorik gabe! Gure kaleak hobetzea: horra gure aukera lemapean.
Aste honen helburua hiri atseginagoa aldarrikatzea da urte osorako, Jon Albizu Mugikortasun zinego-tziak azaldu zuen moduan. Gainera, herritarren artean gogoeta sustatu nahi dute, eredu jasangarriago baten alde.
Bizikleten azoka lehenengo aldiz ospatzen dela nabarmendu zuen Albizuk eta txirrinden hazkundearekin batera, haien inguruko negozioak ere indartzen ari direla azpimarratu zuen. Horregatik, denda hauek hirian duten pisu ekonomikoa aztertzen ari da Udala.
ekitaldiak Azokaz gain, beste hainbat ekimen izango dira datorren asteartetik aurrera. Besteak beste, Donosti Rollerrek antolatuta patinetan martxa bat egingo dute, gaueko beste martxa bat eta ruta gansa moduan bataiatu dutena. Familiarekin batera egiteko bizikleta irteera ere prestatu du Kalapiek, eta hiriko txirrindulariei merienda eskainiko die elkarteak Kontxan 18an.
Gogoetarako tarteari dagokionez, Mikel Bringasek Senegal eta Gambian egindako bidaia azalduko du; lehen peatonalizazioetatik 20 urte pasatu direla eta solasaldia izango da 17an eta 18an Nordic Walking elkartea ariketa fisiko osasungarriei buruz jardungo da. Ekitaldi gehienak Donostia 2016ko egoitzan, Koldo Mitxelenan, Eason eta Errege Katolikoen kalean izango dira, baita hiriko beste guneetan ere.