oñati - "Bertso on bat botata ondo sentitzen naiz, eta entzutea ere asko gustatzen zait", adierazten du Maiderrek. Orain dela bi urte bere zaletasunarekin topo egin zuen, eta ordutik hona bertsolaritzaren munduan murgilduta dago 18 urteko oñatiar hau. Oñatiko Bertso Eskolako kide izateaz gain, oholtzatik oholtzara ibiltzen da auzoetako jaietan. "Jendearengana iristea oso garrantzi-tsua da", dio irribarrea aurpegitik kendu gabe.

Zerk bultzatu zintuen bertsolaritzaren munduan sartzera?

-Txikitatik gustoko izan dut. Aitari bertsoak entzutea gustatzen zaio eta ni betidanik erakarri nau. Baina 16 urte izan arte ez nuen izena eman Oñatiko Bertso Eskolan. Gerora gure irakasle izango zen Urko Egaña bertsolaritzaren inguruko tailer bat eskaintzera etorri zen institutura, eta hark animatu ginduen apuntatzera. Horrela hasi nintzen bertsotan. 15 urteko nire anaia ere saltsa honetan dabil.

Zer dira bertsoak zuretzat? Zer ematen dizute?

-Bertso on bat botata ondo senti-tzen naiz. Pentsatzeko ahalmena ematen dit, hainbat gairen inguruko iritzia eman baidezaket. Bestalde, nire ustez bertso batek dena transmititu dezake, eta horretarako, garrantzitsua da jendearengana iristea eta, noski, bere gertutasuna sentitzea kantuan bukatu ondoren. Azken horrek ere poza ematen dit.

Bertsolaria jaio egiten da, edo edonor izan daiteke?

-Gustokoa baduzu eta gogoa jarriz gero, bertsotan ikas daiteke. Dena den, batzuek beste batzuek baino erraztasun gehiago dute, beraz, esan daiteke horiei jaiotzaz datorkiela.

Zer da zailena?

-Gai bai jartzen didatenean, denbora gutxian ideiak ordenan jartzea da zailena niretzat. Doinua, errima eta neurria alderdi teknikoak baino ez dira; horiek ikasi egiten dira.

Nola ikusten duzu bertsolaritza Euskal Herrian? Nola zatozte belaunaldi berriak?

-Maila oneko bertsolariak daude, eta uste dut gero eta jende gehiagori gustatzen zaiola, emakumei barne. Afizioa ere badago. Gure kasuan, Oñatiko Bertso Eskolan gero eta ume gehiago animatzen da izena ematera. Ni eskolako irakaslea ere banaiz eta ikasturte honetan, hamar eta hamaika urte bitarteko 18 ume taldea dut ardurapean.

Bertsolari bat aukeratzerakotan, zein?

-Oso zaila da bat aukeratzea. Egunaren arabera alda daiteke esango nukeena. Momentu honetan, Maialen Lujanbio. Oso ona da bertsotan.

Maiatzaren 25ean Gipuzkoako 34. Eskolarteko txapelketa irabazi zenuen Arrasaten ospatutako ekitaldian, 400 bat ikusleen aurrean. Nolakoa izan zen esperientzia?

-Kanporaketa Zumarragan egin nuen, aurten formatua aldatu dute eta fase hori bertso-afarian jokatu zen. Finala irabaztea ez nuen espero, partaide batzuk ezagutzen bainituen eta maila ona zuten. Dena den, lehenengo aldiz parte hartu nuenetik -azken bi urteetan- asko ikasi dut. Nire maila hobeagoa da, beraz, aurten aukera gehiago nuen finalera pasatzeko. Irabaztea, berriz, sorpresa izan zen.

Hilaren 21ean Euskal Herriko Eskolarteko finalean parte hartuko duzu. Nola ikusten duzu zure burua erronka berri honetarako?

-Gogoa dut eta saio on bat egiteko xedearekin joango naiz. Irabazteko helburuarekin joatea pixka bat arriskutsua da, gero ez baduzu txapela janzten... Baina ilusioa dut, eta saio polita egin eta ondo kantatzera joango naiz. Gipuzkoa (Maiderrekin batera, Iñigo Ibañez azpeitiarrak parte hartuko du), Bizkaia, Araba, Iparralde eta Nafarroako 15 eta 18 urte bitarteko hamar gazte arituko gara Orion ospatuko den txapelketan.

Etorkizunean ikusten zara bertsolari gisa?

-Nik bertsotan jarraitzeko asmoa dut, baina, agian, egunen batean aspertu egin naiteke. Momentu honetan, gozatzen nabil eta aurrerago ikusiko da.

Bertsoez aparte, beste afiziorik ere baduzu?

- Bai. Eskubaloian jolasten dut, eta baita euskal dantzak ere. Horiekin batera, irakurtzea eta mendira joatea asko gustatzen zait.