Oarsoaldea-Buruntzaldea
hernani - Hernaniko Udalak Aste Santuan herritarrentzat, iaz egin bezala, turismo eskaintza berezia prestatu du. Txotx denboraldiarekin lotutako ekintzak izango dira.
Bi turismo pakete aukeratu ahalko dute hernaniarrek. Alde batetik Hernani, Erdi Aroa, Sagardoa deritzona eta bestea ibilbide bat tren berdean. Azkeneko hau batik bat haurrei zuzenduta dago.
Lehenengo ekimenak Erdi Aroko Hernani ezagutzeko aukera paregabea ematen du, baita sagardoaren kulturan murgiltzeko ere. Gauzak horrela, bisita gidatu bat egingo dute hirigune historikoan (Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatua), ondoren Tren Berdean sagardotegi batera joango dira bertan sagardo dastaketa bat egiteko eta berriz, Tren Berdean Hernaniko erdigunera itzuliko dira.
Ekintza hau Ostiral Santuan euskaraz egingo da eta larunbatean, aldiz, gaztelaniaz. Pakete honek hamar euroko kostua du, baina Aste Santuko eskaintza berezi honetan doan izango da.
Hori bai, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Biteri kultur etxeko turismo informazio puntura gerturatuta, 8.00etatik 15.00etara. Telefonoz ( 943 337 028) edo posta elektronikoz (gurutze-a@hernani.net) ere apuntatu daiteke. Izen-ematea asteartean 15.00etan itxiko da edo 20 partaidek izena ematen dutenean. Aldi berean, ekintza egin ahal izateko gutxienez hamar pertsona behar dira.
Tren Berdean ibilbidea Ostiral Santuan arratsaldean burutuko da. 23 minutu inguruko paseo polit bat da herrian zehar. Hiru saio egongo dira: 16.45ean euskaraz, 17.15ean gaztelaniaz eta 17.45ean euskaraz.
Ekintza hau ere doan izango da, baina tiketa turismoko kasetan hartu behar da (16.30ean zabalduko da) trenera igo aurretik.