segura - Lehen Mundu Gerrari buruzko hitzaldi batekin hasi ziren atzo Segurako Iparra Hegoa jardunaldiak. Datozen egunetan makina bat ekitaldi egongo dira. Ekimen honen helburua Iparraldea eta Hegoaldea gerturatzea da.

Esan bezala, aurtengo edizioa Gerrak, amildegi eta zubi zikloarekin hasi da. Aurten beteko dira 100 urte Lehen Mundu Gerra hasi zenetik eta antolatzaileek mendeurren hau gogoratu nahi dute. Izan ere, gerra honek frantsez izaera indartu zuen Iparraldean.

Atzo, Eneko Bidegainek 1914/Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria hi-tzaldia eman zuen. Besteak beste, gerra hartan Ipar Euskal Herriko populazioaren %3 hil zela gogoratu zuen. Gaur, Benjamin Duinatek Identifikazio prozesu anitzak XIX. mendeko Euskal Herrian hitzaldia emango du eta bihar Josu Txueka 1936ko gerraz eta errefuxiatuez arituko da. Hitzaldi guztiak kultur etxean izango dira, 19.30ean hasita.

Ostegunean Nafarroa Behereko Ortzaize herriko ikastolako haurrak Segurara etorriko dira bertako haurrak eta inguruak ezagutzera. Gainera, 19.30ean bertso poteoa egingo dute Amets Arzallus eta Unai Iturriaga bertsolariekin eta Kuxkuxtu txarangarekin. Ondoren, afaria egingo dute. Txartelak Xaian eta Elorripen jarri dituzte salgai.

Ostiralean Segurako haurrek eta Iparraldekoek eguna elkarrekin pasako dute. Ortzaizekoek herria ezagutuko dute eta elkarrekin bazkaldu eta jolastuko dute. Gainera, arratsaldean ikuskizunak eskainiko dituzte eta dantzaldia eta txokolate jana egongo dira.

Helduentzat ere egongo dira ekitaldiak: iluntzean arkume errea jango dute, sagardoarekin, eta ondoren kale animazioa eta musika egongo dira. Larunbatari dagokionez, goizean merkatua egongo da. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ekoizleek parte hartuko dute. Gainera, 9.30ean mendi irteera egingo dute, 14.00etan Euskal Herriko gazteen topaketa egongo da, 19.00etan taloak eta ardoa dastatuko dituzte eta 23.00etan Iñazki Lapurdiko taldearekin dantzaldia egongo da.

Urtero bezala, Iparra Hegoa igandean bukatuko da. Goizean, hamaika ekitaldi egongo dira: txistulariak, sukalki prestaketa, trikitilariak, gaiteroak, albokariak, txarangak, joaldunak, dantzariak.... 13.00etan txakolin dastatzea egongo da eta 14.00etan gereziondoko ekitaldia egingo dute. Aurten, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria gonbidatu dute. Buka-tzeko, bazkaria, sukalki lehiaketako sari banaketa eta dantza emanaldia egongo dira.

Aipatu, aurreko asteetan Abian gara! antolatu dutela herria girotzeko. Musika eta antzerki emanaldiak eta erakusketak egon dira. Oraindik bi erakusketa ikus daitezke: Botikaxaharren nekazaritzari eta abeltzantzari buruzkoa eta kultur etxe zaharrean Joxe Mari Telleria segurarrak egindako marrazkiena. Herriko txokoak marraztu ditu. Botikaxahar 19.00etatik 20.00etara irekitzen dute eta kultur etxea 18.00etatik 20.00etara. Asteburuetan, bi aretoak goizez ere irekitzen dituzte.