MIXEL Etxekopar musikari zuberoarrak Azpeitiko Sanagustin kulturgunera egindako bisita batek lehen harria jar-tzeko balio izan zuen. Ondoren, Azpeitiko Kultur Mahaiak hartu zuen lekukoa eta Zuberoako Hebentik Kultur elkartearekin elkarlanean jardun ondoren, Zuberoako kultur adierazpenak Azpeitian ezagutzera emateko bi herriren arteko zubia eraiki dute.

Elkarlan horren ondorioz, Azpeitia eta Zuberoa lotuko dituen topaketak egingo dira hilaren 7tik 9ra bitartean Urola Erdiko herrian. Hebentik... hona eta hemendik... hunat! izenburupean burutuko diren jardunaldi horietan Zuberoako kultur eragileren eta Azpeitiko Kultur Mahaia osatzen duten hainbat kideren partaidetza izango da.

Azken hauen artean, Sanagustin kulturgunea, Udala, Kantu Jira taldea, Julian Barrenetxea abesbatza, Ilunpe Pilota elkartea, Zine Kluba, Itsasi euskal kultur elkartea, Baigera, Dantza Suelto eskola, Kultur Mahaia eta Argazki elkartea daude.

Horrela bada, interesa duten guztiek Zuberoako kultura hurbiletik ezagutzeko parada izango dute datorren asteburuan Azpeitian.

Sanagustin kulturguneko programatzailea den Aitor Bengoetxeak jakinarazi duenez, "Hego, ipar, goi eta behe irauli nahiak eta oraindik barne eskemetan ditugun mugak hautsi asmoz sortu da Hebentik... hona ekimena, beti ere, "horren gertu dauden eta sarri horren urrun sentitu ohi ditugun zuberoarrek kultur jarduna nola bizi duten ulertzeko aukerak sortzeko helburuarekin".

Egitaraua

Zinea, kantujira, kontzertuak, pilota, dantza eta 'Pilotarhitza'

Datorren asteburuan Azpeitian egingo den topaketari hasiera emateko Zuberoan oso baliabide txikiekin ekoiztutako Xora luzemetraia ikusteko parada egongo da datorren ostiralean, 21.30ean, Soreasu antzokian. Sarrerak 3 eurotan salduko dira eta emanaldia amaitzerakoan pelikularen inguruko mahai ingurua egongo da.

Hilaren 8an, berriz, kantujira egingo da "era informalean" Azpeitiko erdigunetik zehar (19.00etan hasita). Horren ondoren Sendaezinak talde azpeitiarraren eta Joxe Replay Baionako taldearen kon-tzertuak egongo dira Sanagustinen (23.00etatik aurrera eta doan).

Topaketei amaiera ona emateko ekintza desberdinak burutuko dira datorren igandean. Hasteko Iparraldeko pilota jokamoldeak ezagutzeko aukera egongo da 10.00etatik 12.00etara Frontoi Txikian. Jarraian Zuberoako dantza tailer herrikoia (12.00etatik 13.30era arte Plazan) eta bazkaria (Sanagustinen) izango dira.

Azkenik, pilota, dantza, musika eta hitza uztartzen dituen Pilotarhitza ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da 19.00etan Sanagustinen. Sarrerak 8 eurotan eros daitezke jada kulturgunean (emanaldiaren egunean 10 eurotan salduko dira).