Síguenos en redes sociales:

Beloaga, Erdi Aroko lekuko

Beloaga bizirik kultur elkartea duela hiru urte lanean hasi zen Oiartzungo gaztelu hau babesteko

Beloaga, Erdi Aroko lekukoargazkia: Iosu Inziarte

"OSO jende gutxik daki Beloaga gaztelua existitzen dela, Oiartzunen ere ez da ezagutzen", adierazi du Joxe Etxezurietak, Beloaga Bizirik kultur elkarteko kideak. Gauzak horrela, duela hiru urte herriko lagun talde batek (Joxe Etxezurieta bera, Iñigo Bengoetxea, Joxemari Iturrioz, Eduardo Etxeberria, Josemari Arzelus eta Patxi Arozamena besteak beste) Oiartzungo historiaren pasarte hau ikertu eta jendarteratzea erabaki zuen.

"Kontu hau guztia 2010ean hasi zen. Jakinik Beloaga gaztelu nafarra izan zela eta 2012an Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena zela, 2010eko udan garbitze lanetan hasi ginen, bertan Nafarroako bandera jartzeko asmotan. Gainera, Beloagaren inguruan zegoen dokumentazioa bildu genuen, eta harrituta geratu ginen gazteluak zituen aipamen historikoekin", gogorazten da Beloaga Bizirik taldeak egin duen blogean (https://sites.google.com/ site/beloagabizirik/Home).

Beloaga gaztelua Gurutze auzoko Arkaleko haitz garaienetakoan kokatzen da, ia 300 metroko alturan. Handik Donostia, Errenteria, Oiartzun, Hondarribia eta Hendaia bistatzen direlarik. Alabaina, eraikin honen egitekoa ez dago batere garbi. Gauza jakin bakarra, Erdi Aroko bukaeran erresumen arteko gotorleku bihurtu zela da.

Blogean jasotzen denez, Beloaga Bizirik 2011-2012ko neguan Nafarroa Bizirik taldearekin jarri zen harremanetan, eta haien materiala salduz, diru nahikoa lortu zuen Nafarroako bandera handi bat eta mugarri bat finantzatzeko. 2011ko abenduaren 31n Nafarroako bandera gazteluaren goikaldean jarri zuten eta 2012ko maiatzaren 12an, festa giroan, Beloagako mugarria inauguratu zuten, "Erdi Aroko Nafarroako gaztelu askotan egiten ari ziren bezala, bertara igotzen direnak gazteluaren historiaren laburpena ezagutu ahal izateko".

"Bitartean, garbitze lanak aurrera zihoazela, Erdi Aroko hainbat aztarna azaltzen hasi ziren. Hori ikusita, Aranzadikoekin harremanetan jarri ginen indusketa lanak hasteko eta emaitza uste baino askoz hobea izan zen", adierazi dute. Lan horien ondorioa 2012ko abuztuan Oiartzungo udaletxeko erakusketa izan zen, eta apirilaren 16tik 28ra, ikasleei begira, errepikatu zena. "Erakusketarako dokumentu originalak lortu genituen, eta Errenteriako Joakin Bengoetxeak Oiartzunen ezagutzen ez zen dokumentu berri bat lortu zuen", goraipatu dute.

2013an garbitze lanekin jarrai-tzeaz gain, irailean elkartea sortu zen. "Sinadurak eta hamar euroko laguntzak biltzen hasi ginen, kontsolidatzeko proiektua bultza-tzeko asmoz. Eta uste baino arrakasta handiagoa izan genuen 400 adiskide oiartzuarren babesa lortu baikenuen", jakinarazi du Etxezurietak.

Ekimen kultural honi bere bermea adierazi nahi duen orok Beloaga Bizirik webgunean aurkituko du eragileekin harremanetan jartzeko modua.

Historia

Erromatarra ala Erdi Arokoa

Joxemari Iturriozek, Beloaga Bizirikeko taldekideak, elkarteko blogean gazteluaren historia jaso du: "Gaztelua dorre batek eta arma plaza batek osatzen zuten eta, nahiz eta batzuen ustez bigarren esparru hori Konbentzio gerrakoa edo karlistaldietakoa izan, eraikinaren egiturari erreparatzen badiogu dorrearen garai berekoa dela dirudi. Beste batzuen ustez, litekeena da erromatarren garaitik eraikinen bat egotea harkaitz horietan, talaia hobe ezina baitzen Arditurritik Oiassonera, Irungo hiri erromatarrera, egiten zen mineral garraioa zaintzeko".

Izan ere, 476. urtean, erromatarren inperioaren gainbeherarekin, bakea amaitu eta etengabeko gerratea piztu zen godo, franko, musulman eta normandiarren kontra.

Bestalde, Hondarribiko gazteluaren aztarna zaharrenak Antso Abarkaren garaikoak omen dira, 950.ekoak gutxi gorabehera, eta Donostiakoak Antso III.aren garaikoak, 1000.ekoak; beraz, Oiartzungoa ere ordukoa izan liteke.

Iturriozen laburpenak dioenez, 824an, frankoen kontrako bigarren garaipenaren ondorioz, Iruñeko Erresuma sortu zen, baina 1035. urtetik aurrera Gaztela eta Aragoi erresumak sortu ziren, eta zenbat eta indar gehiago eskuratu, orduan eta arriskutsuagoak bilakatu ziren Nafarroarentzat. XII. mendean bi erresuma horiek etengabe eraso zieten nafarrei eta zenbaitetan Errioxa eta Bureba bereganatu zituzten, nahiz eta nafarrek beste hainbestetan berreskuratu.

Egoera eraman ezina bihurtu zen, eta auzia Ingalaterrako Enrike II.aren esku utzi zuten. Errege hori Normandia, Anjou, Akitania eta Guyenako jauna ere bazenez, Bordelen bizi zen, eta 1179. urtean sinatu zuten bake hitzarmenarekin Nafarroak Errioxa, Bureba eta Bizkaia galdu zituen, Durango aldea izan ezik, garai hartan Arabako lurrak baitziren. Nafarroako Antso VI.ak, ikusirik gaztelarren helburua erresuma osoa eskura-tzea izan zitekeela, defentsarako gotorleku politika jarri zuen martxan Burandon, Toloño, Trebiño, Zabalate, Argantzun, Aitzorrotz, Marañon, Antoñana eta beste zenbait gaztelurekin, eta Donostia (1180), Gasteiz (1181) eta Durango (1182) hiribilduekin.

Gaztelako erregeak eta Aragoikoak 1179ko bake hitzarmena hautsi, eta Calatayuden bildu ziren Nafarroa konkistatu eta banatzeko plana osatzeko, baina Antso VII.ak, arreba ezkontzan eskainiz, su eten bat lortu zuen Aragoiko erregearekin. Baina Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroari eraso zion 1199an. Trebiñuk, Zabalatek eta Gasteizek eutsi egin zieten erasoei, baina azken hori ia urtebeteko setioa zeramanean, gosez akabatuko zituztela ikusita, errenditu egin zen. Gasteiz menderatu ondoren, Durango aldea erraz hartu zuten eta, zer esanik ez, Gipuzkoako lurretan zeuden gaztelu txikiak.

Rodrigo Ximenez de Radaren kronikak esaten duenez, Gasteiz, Marañon, Arluzea, Ataun, Zaitegi, Ai-tzorrotz, Ausa, Donostia, Beloaga eta Hondarribiko gazteluak eskuratu zituzten. Trebiñu eta Zabalate Izura eta Argako Mirandaren ordez trukatu zituzten, azken gotorleku horiek Iruñetik gertuegi baitzeuden. Egoera ondoen aprobetxatu zuena Haroko Diego Lopez izan zen, Bizkaiko jauna, gaztelarren alde borrokatzeagatik Soria, Najera, Marañon eta Donostiako buru izendatu baitzuten.

"Hori da, bada, Beloagaz egiten den lehenengo aipamena eta erakusten digu Gaztelako ejertzitoa lur hauetan sartu arte, behinik behin, Beloaga gaztelu nafarra zela, hau Nafarroa zela eta bertako biztanleak nafarrak zirela", azpimarratu du Iturriozek. "Beraz, gure ustez, Beloaga gaztelua gure nafartasunaren eta gure Erdi Aroko historiaren lekuko isila da, lekuko isila, baina ez mutua, bere baitan utzi baitigu nahiko dokumentazio eta aztarna. Horregatik, pentsatzen dugu merezi duela ahalegin bat egitea geratzen diren aztarnak babesteko", adierazi du.