Anoeta. Anoetako Udaleko Euskara batzordeak antolatzen duen argazki lehiaketako irabazleen izenak jakinarazi dituzte. Argazki horiekin, gainera, 2014. urteko egutegia osatu dute eta dagoeneko kalean da.
Argazki bakoitzerako esaera zahar edo esamolde bat aukeratu behar zuten egileek, kontuan hartuta aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia aniztasuna izan dela, Zein aberatsa den kultura desberdinak ezagutzea! lelopean. Hala, irabazleak ondokoak izan dira: Igor Ibarzabal (Gogoko tokian, aldaparik ez eta Ordua doanean doa mundua argazkiekin), Larraitz Agirrezabala (Zeinek bera nolako, besteak uste halako eta Umearen Zentzuna, etxean entzuna), Aitor Munduate (Jan nahi baduk/n, lan egin beharko duk/n), Eneko Perez (Euria eta eguzkia, Burgiko almadia eta Nola soinu, hala dantza) eta Antxon Iraola (Leher eginda zeuden biak).
Udalak zortzi argazki saritu ditu. Egile bakoitzak 50 euro jaso ditu eta Udalaren 2014. urteko egutegian ateratzea. Argazki irabazleak aukeratzeko, Udalak bozketa sistema erabili du.