NORK ez ditu gogoratzen haurrak ginela mila aldiz abestutako Uztaiak gora (Ran roberran), Jon Braun edo Astoa ikusi nuen kantak? Imanol Urbieta (Zarautz, 1934) musikariarenak dira horiek eta beste asko eta asko. Zarauztarrak haurrei zuzendutako musika sor-tzeaz gain, Euskal Jaien bultza-tzailea izan da eta abesbatza eta musika talde askoren sorreran parte hartu du. Gainera, Zarauzko ikastolaren lehen urteetan eta Xirula Mirula musika eskolen sorreran ere lanean aritu zen. Asko zor diote Zarautzek eta Euskal Herriak Urbietari eta hori eskertzeko diskoa aurkeztu zuen atzo Zarauzko Udalak, Donostiako Elkar Megadendan: 'Bakarrik eta libre'.
Mikel Laboaren omenez 1990ean kaleratu zuten Txerokee diskoa gogoan zuen Zarauzko Kultura zinegotzia den Gari Berasaluzek Manolori omenaldia egiteko ideia buruan zutela: "Kanta asko Laboarenak zirela konturatu ginen disko horrekin eta Manolok horrelako zerbait merezi zuela uste genuen. Gure haurtzaroaren soinu banda sortu zuelako. Seguru asko norbaitek disko honi esker oso ezaguna duen kanta bat berea dela konturatuko da. Fermin Muguruzak abesten duen Kalera, kalera kantu herrikoia esaterako, Manolok eta Txapasekin egin zuten". Laboaren diskoak bezala, honek ere Jose Luis Zumetak eginiko irudia darama azalean. "Gauza bitxiak egin dituzte taldeek eta hiru belaunaldietara iritsiko da", adierazi zuen Elkarreko Josebe Ormazurik.
hamalau kanta ahots ezagunekin
Asteartean, Zarautzen
Urbietaren kanta aski ezagunak jaso dituzte lanean eta Mikel Kazalis musikari eta teknikaria aritu da guztia koordinatzen bere Fidelenea estudioan. Punta-puntako ondoko artistak elkartu ditu: Eñaut Elorrieta; Petti; Split 77 eta Aiora Renteria; Joseba Irazoki; Pariak Bai; Su Ta Gar; Anari eta Ningininginiak (haurren koroa); Fermin Muguruza; Mursego; Matxura; Lou Topet; Audience eta Makala Jazz Funk Band. Bakoi-tzak musikariaren abesti bat aukeratu eta bertsioak osatu dituzte, Kazalisek azaldu moduan, "emai-tza harrigarria" lortuz. Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimotosek, Andoni Egañarekin batera musikaria omentzeko sortu zuten Manolo abestia ere jaso dute Bakarrik eta libre diskoan. "Ohore bat izan da lan hau egitea, Manolori diodan miresmen eta errespetuagatik. Talde bakoitzak bere estilora moldatu du kanta eta Manolo entzuten ari da. Armonia klasikoetara ohituta dago eta lehen shocka gaindituta, hunkituta dago", adierazi zuen Kazalisek.
Zarautzen ere aurkeztuko dute diskoa, ekitaldi ireki batean. Datorren asteartean, 19.00etan Modelo aretoan izango da eta sorpresak izango dira tartean. Bideo bat ere jarri dute sarean: http://vimeo.com/79810895. Lan honekin, Egañak Manolo abestian adierazitako hitzak bete dira: "Orain itzuli nahi genioke, maitasuna abesti".