Piratek alferrak izatearen ospea duten arren, Donostiakoak oso langileak direla erakutsi zuten atzo. Goizeko 8.00etan jendez betetzen hasi zen portua, orduan ireki baitzen baltsak eraikitzeko lehenengo txanda. Erregistroa egin ondoren, filtroa pasa, segurtasun neurriak onartu eta beraien itsasontzia eraikitzeko prestatuta zegoen gunera pasatzeko aukera izan zuten. Beste batzuk, ordea, lo gehiago egin zezaketen: bigarren txanda 10.00etan ireki zen eta azkenekoa, 12.00etan. Aldi bakoitzeko jendea bereizteko, bakoitzari kolore bateko pultsera eman zitzaiten. Gorria lehenengoei, beltza bigarrenei eta urdina azkenengo txandako piratei.

Baltsak eraikitzerako orduan, pirata donostiarrek ingurumena zaintzen dutela baieztatu zuten. "Bidoia, botila eta bestelakoek itsasoa zikintzen dute, eta hori ekidin nahi dugu", zioten boltsa guneko arduradunek. Hauek baltsak egiteko boltsa berrerabilgarriak bost eurotan saltzeaz arduratu ziren eta hauek puzteko tresnak eskaini zituzten. "Asko saltzen dira, eta koadrilek urte batetik bestera gordetzen dituzte". Beste materialei dagokienez, erabilienak paleak, kotxeen kubiertak, egurrak eta banbua izan zirela zioten. "Hala ere, jendea flotadoreekin eta piszinako txurroekin etortzen da", kontatu zuten.

Josu Egaña goiz goizetik hasi zen bere hiru lagunekin materiala portura inguratzen. Beraien material nagusia banbua izan zen. "Kainaberak beraien artean lotzen ari gara eta izerdi patsetan gaude", zioen gazte donostiarrak. Hala ere, lan horrek merezi duela uste du. "Ekitaldi honek elkartasuna bultzatzen du" Egañaren iritziz, baltsak eraikitzeko talde lana beharrezkoa dela iruditzen bai-tzaio. Festa honen alde txarra jende asko izatearen ondorioak dira donostiarraren ustetan. "Baltsa eraikitzeko leku gutxiago dugu eta uretan ere leku gutxiagorekin moldatu beharko gara".

El bote Shoon izeneko zazpi personako koadrilak lehenengo aldiz eraiki zuen ontzia. Elkarlana nagusi izan zen arren, "hondoratzeko beldur" zirela adierazi zuten taldekoek. Beraien ontzia paleak eta boltsak erabiliz egin dute.

Batzuk baltsak eraikitzen zituzten bitartean, donostiar pirata ba-tzuk kamisetak eta zapiak saltzen ibili ziren. "Oso gustora gaude salmentarekin, zapi pilo bat saldu dira", zioen arduradun batek. Zuloaga plazan eskaini zen bazkarirako 800 tiket ere jarri ziren salgai 12 eurotan. "Ia denak saldu dira jada", adierazi zuen. Beraz, piratak bapo bazkaltzera joan ziren abordaia baino lehen beraien baltsak uretan utzita.