Síguenos en redes sociales:

Usurbilek datorren urteko tasa eta zergak oro har %2,3 garestituko ditu

Udalbatzak aste honetan hartutako beste erabaki bat Kirol Patronatuko desagertzea izan da

Usurbil. Aste honetan Usurbilgo Udalak ezohiko udalbatza batean Ordenantza Fiskalak hasieraz onartu zituen. Hau da, datorren urtean aplikatuko diren tasak eta zergak erabaki zituen. Orokorki, tasa gehienek %2,3ko (KPI) igoera izango dutela adierazi zuen Alaitz Aizpuruak, Ogasuneko lehendakariak.

Badaude zenbait salbuespen, adibidez, hirilurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga%10etik %12ra igoko da eta ur-horniduraren zerbitzuan, kontsumoan %5eko garestitzea izango da.

Kiroldegiko hainbat zerbitzuek %6,51ko igoera jasango dute, Aizpuruak azaldu zuenez Buruntzaldeako eskualdearekin egindako hi-tzarmenaren ondorioz. Arrazoi beragatik ikastaroak %17 garestituko dira.

Aldiz, eguneko zentroaren prezioa mantendu egingo da.

Udalbatzan eztabaidatu zen beste puntu bat Kirol Patronatuaren desagertzea izan zen. Erabaki hau jendaurrean jarriko da eta alegaziorik jasotzen ez badu behin betiko onartua izango da. 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Honenbestez, Udalak beregain hartuko du kirol zerbitzua, zuzeneko kudeaketaren bidez. Batzorde informatzaile berri bat eratuko da, Kirol arloan eskumena daukan Iñaki Ugarte zinegotziaren zuzendaritza eta ikuskaritzapean.

Udaleko ordezkariez gain orain arte Kirol Patronatua osatzen zuten ikastetxeetako, kiroldegiko erabiltzaile eta kirol taldeetako ordezkaritza bermatuko du Udalak.

Mertxe Aizpurua alkateak adierazi zuenez, Patronatuak "zailtasunak zituen legea betetzeko" eta "aspalditik datorren gauza dela" aitortu zuen. Honela, "bikoiztasunak eta funtzionamendu txarra" ekidingo direla ziurtatu zuen.