Donostia. Azken hamar urteotan sarri esan dute Donostiako Aste Nagusia festa alternatiboak aldarrikatzen zituen talde batek abordatu behar zuela. Bada, egun hori iritsi zen atzo: Donostiako Piratek jaiei hasiera ematen dien Artillero abestu zuten kainoikadan. Azken hamarkadan egindako lanarengatik, Juan Karlos Izagirreren Gobernuak ekitaldiaren protagonismoa eman zion kolektiboari eta abestia kanta-tzera gobidatu zuen.

18.30erako donostiarrak eta kanpotarrak Alderdi Ederren tokia har-tzen hasiak ziren. Handik hurbil, Bulebarrean, elektrotxaranga bat giroa berotzen hasi zen. Eta talde horren atzetik, Los Bebés de la Bulla. Biak udaletxeko terrazaren azpian jarri ziren, bakoitza bere piezak jo-tzen, kontzertu xelebre bat osatuz. Gerora, gainera, batukada talde bat gehitu zen emanaldira.

Milaka pertsonek betea zuten Alderdi Eder ordurako, gazte zein heldu kanoikada ikusteko asmoarekin. Ikusleen artean, gainera, Pirata gazte gutxi batzuk ere ikus zitezkeen zapi beltzarekin.

18.45erako Gastronomiako Euskal Anaiartearen Ohorezko Batailoia iritsi zen danbor, banda, txilibitero eta fusilariekin. Hauek ere The British Grenadiers bezalako piezekin ikusleak animatu zituzten.

Aurtengo kainoikadaren protagonistak, ordea, 19.00ak izateko hamar minutu falta zirenean atera ziren udaletxetik: 50 bat gazte ziren, guztiak ederki abesteko gurarekin. Pirataz jantzita agertu ziren: zapia lepoan gehienak eta partxea begian zenbaitek. Eskifaia kofradiako kamisetak ere jantzi zituzten hainbatek.

Orain dela egun batzuk, kolektiboak azken hamar urteetan Piratekin lagundu duen orori Artillero haiekin kantzeko deia luzatu zion, eta erantzun paregabea lortu zuten. Esaterako, taldearen bozeramaile Aratz Trecet “oso pozik” agertu zen hainbeste pirata bildu zirela ikusita.

Hiru minutu eskas falta zirenean, “Artillero, dale fuego...” hasi ziren guztiak. Abesteaz aparte, ederki egin zuten dantzan. Ohitura den legez, kantatzez bukatzean Artillari Nagusiak, Luis Mokoroak, kainoiari su emateko deia egin zuen eta Bum! 19.00etan, zortzi egun luzez iraungo duen Aste Nagusia hasi zen.

kanoikada eta txupinazoa

Festari bi aldiz hasiera eman

Donostiako Aste Nagusia hasi zen; Piratena ez, ordea. Kolektiboak bi aldiz hasi zuen atzo festa: lehenbizi kainoikadarekin eta gero, 21.30ean, Portuko La Flamenka gunean izan zuten txupinazoarekin.

Festetan oso lanpetuta ibiliko direla adierazi zuten Trecet berak eta Ezkila kapitain berriak, Maddalen Lizasok. Aurtengo ediziora arte Trecetek antzezten zuen kapitainaren papera, baina Piraten koletiboa osa-tzen duten kofradiei garrantzi gehiago emateko, Lizasori pasa diote testigua: Eskifaia gazte taldeko kidea da eta hemendik aurrera kofradia desberdinetako ordezkariak izango dira kapitain.

Lizasok, sentimendu asko nahastuta bizi dituela egun hauek aitortu zuen: “Urduritasuna, presioa, ardura eta ilusioa”. “Batez ere iristeko gogoz nago”, adierazi zuen, eta atzokoa “egun konpletoa” izaten ari zela gaineratu.

Trecet aurten ez da Ezkila izango, baina “lasaiago” ez dela ibiliko onartu zuen Piraten Aste Nagusian lan karga handia dagoelako: “¡Lana berdin egin behar da!”. “Pena puntu batekin ere utzi dut, baina Maddalenek kristoren ilusioa dauka bera izango delako. Horrelako testigu bat uzteak pozik uzten zaitu”.

Kainoikadaren ondoren, Piratak udaletxe barrura sartu ziren. Terrazarenpean gelditu ziren bandek ere bere bideari ekin zioten, musikaz giroa alaitzen, noski. Ikusleak, ordea, Gastronomikak alde egin zuen arte -pare bat pieza jo zituen kanoikadaren ondoren- ez ziren ia mugitu ere egin.

Atzo, Donostiako banderaren ondoan Jolly Roger bat bakarrik falta izan zen Piratek hiriko festak guztiz konkistatu dituztela demostra-tzeko. Hamar urteren ondoren, Aste Nagusia abordatu dute.