Síguenos en redes sociales:

Txintxeta taldeak 'Bodologuak' antzeztuko du ostiralean Zumarragan

nagore aranburu, egoitz lasa eta mikel pagadizabal aktore ezagunak igoko dira zelai ariztiko oholtzara

zumarraga. Ostiral honetan Urretxu eta Zumarragako udalen antzerki egitarauko saioa izango da Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Txintxeta taldeak Bodologuak lan umoretsua antzeztuko du 22.30ean hasita.

Zumarragar eta urretxuarrek hiru aktore ezagunen lanarekin gozatzeko aukera izango dute: Nagore Aranburu, Egoitz Lasa eta Mikel Pagadizabal. Gaur egungo gai desberdinak astinduko dituzte, bakarrizketa nahiz elkarrizketa moduan: euskalduna izatearen burukominak, elizaren mundu zoragarria, elkarte gastronomikoak, euskaldunon oporrak, etxeko animalien arropa, euskaldunok eta teknologia...

Sarrerak hamar euro balio du eta Zelai Ariztiko leihatila ostiralean bertan irekiko da: 11.30etik 13.30era eta 22.00etatik 22.30era. Pertsona bakoitzak lau sarrera eros ditzake, gehienez.

Ostiralekoa ez da apirilean Urretxu eta Zumarragan ikusi ahal izango den antzezlan bakarra. Hilaren 20an, 22.30ean, Jon Zubiagak eta Unai Iturriagak Buah txabal! lana eskainiko dute gaztetxean. Antzerki saio hau Gaztelekuk eta Zintzo Mintzo elkarteak antolatu dute.